Gernika-Lumoko Udala hasi da Mestikabaso inguruko kirol-azpiegiturak barrizten. Proiektu honen bitartez, orain dagoen pista estali egingo da eta, horrez gain, aire librean kirola egiteko gune barriak sortuko dira.
Jose Maria Gorroño alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu gura izan dau: “Gure herriko kirol-instalazinoak hobetzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dogu, herritarren benetako beharretara egokitzeko. Honeri esker, pista urte osoan erabili ahal izango da eta aire libreko kirol-eskaintza zabaldu egingo dogu”.
Lanak pista urte osoan erabili ahal izateko pentsatuta dagoz, batez be gure inguruko euri-jasak kontuan hartuta. Helburua kirola egiteko baldintzak hobetzea, erabilera-ordutegiak luzatzea eta zoruaren zein instalazinoen egoera onik zaintzea da.
1.200 metro koadro baino gehiagoko estalkia
Proiektuak kirol-pista osoa hartuko dauen estalki bat ipintzea aurreikusten dau: 1.290 metro koadro inguru eta 8,5 metroko altuera libreagaz. Neurri honeek Kirol Kontseilu Nagusiak (CSD) mota honetako instalazinoetarako ezarritako irizpideak betetzen dabez.
Eraikuntzari jagokonez, altzairuzko zutabe okerrak, zur laminatuzko habeak eta panel prefabrikatuen estalki arin bat erabiliko dira. Diseinu honen helburua inguruneagaz bat egitea eta ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izatea da.
Kalistenia parke barria
Lanen barruan, pista mendebaldean kalistenia parke bat be sortuko da. Gune barri honek 150 metro koadro inguru izango ditu eta norberaren pisuagaz ariketa fisikoa egiteko prestauko da, gaur egun hiri-kirolen artean asko hazten ari den modalidadea baita.
Horrez gain, eskailera batzuk be egingo dira parke barria Lapurdi kaleagaz zuzenean lotzeko. Honela, dagoen desnibela gainditu eta irisgarritasuna hobetuko da.
Guztira, proiektu honek 1.032.562,24 euroko aurrekontua dauka (BEZa barne). Lanak amaitzeko epea, gutxi gorabehera, sei hilabetekoa izango dela aurreikusten da.





