Bermeoko Portuzarrera sartzeko baimen iraunkorrak eskatzeko epea zabalik

Bermeoko Udalak martxan ipini dau Portuzarrera sartzeko baimenak eskatzeko sasoia. Neurri honen helburua herritarrei eta portuan ibiltzen diran eragileei informazio argia emotea da, gune horretan ezarri dan zirkulazio-murrizketa modu egokian kudeatzeko.

Udalak gogorarazi gura dau Portuzarra itxita egongo dela ibilgailuentzat 13:00etatik 18:00etara asteburuetan, jaiegunetan eta sasoi berezietan: Aste Santuan, udan (ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera) eta Gabonetan. Helburua argia da: Portuzarra oinezkoentzat gune atseginagoa eta lasaiagoa bihurtzea.

2026ko ekainaren 15etik aurrera, sarbidea bideo-zaintza bidez kontrolatuko da. Horregatik, ezinbestekoa da aurretik baimena lortzea.

Epeak eta prozedurea

Baimenak eskatzeko epea zabalik dago dagoeneko eta ekainaren 15era arte egongo da aukerea. Eskariak astebeteko epean erantzungo ditu Udalak. Baimen honeek urtebete irauten dabe, eta automatikoki luzatuko dira, baina bost urtero berritze-prozesu bat egingo da.

Eskaria egiteko bi bide dagoz:

Aurrez aurre: Berhaz bulegoan.

Egoitza elektronikoan: Udalaren webgunean, “Portura sartzeko baimen iraunkorrak” atalean.

Pertsona bakoitzak, gehienez, bi ibilgailuren matrikulak emon ahal izango ditu (inprimaki bitartez: IN-444).

Nork eskatu ahal dau baimena?

Baimen honeek talde honeei zuzenduta dagoz:

Portu inguruko bizilagunak: Bertan erroldatuta egon behar dira.

Amarristak: Titulartasuna frogatzen daben agiriakaz (EKPko fakturea edo Jaurlaritzaren agiria).

Portuko jarduerak eta elkarteak: Udaleko erroldan edo Jaurlaritzako elkarteen erregistroan egon behar dabe.

Ostalari eta merkatariak: Udalak ofizioz egiaztatuko dau euren egoerea.

Lonjen erabiltzaileak: Titulartasun agiria aurkeztu beharko dabe.

Udalak adierazi dau kasu bereziak be aztertuko dituela, inor baimen barik gera ez daiten. Gainera, behin-behineko sistema bat be preparetan ari dira une puntualetan sortu litezkeen beharrei erantzuteko.

Azken batean, baimen-sistema honen helburua Portuzarraren erabilera antolatzea da, herritarren topagune lasai eta bizia izan dadin, portuko beharrezko martzea oztopatu barik.