Mundakako neska kadeteek Hiruko Koroa lortu dabe eta herriak harrera beroa egin deutse

Mundakako Arraun Taldeak (MAT) urrezko letrekin idatzi dau bere historia asteburu honetan. Albiste nagusia Legutianotik etorri da: kadete neskek Espainiako Txapelketa irabazi dabe, denboraldi sinesgaitz bati amaiera borobila emonez.

Maria, Aiala, Elaia eta Laia arraunlariek, Katalin patroiagaz batera, estropada ikaragarria osatu daben 07:16,85eko denboragaz. Lorpen honegaz, Hiruko Koroa ekarri dabe Mundakara, aurretik Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak be irabazi ostean. Gauzak horrela, domekan harrera bero eta hunkigarria egin jakien herrian, mundakar guztiek euren txapeldunak merezi bezala zoriontzeko aukerea izan daben bitartean.

Baina asteburuko pozak ez dira horretan geratu, Mundakako arraun taldeko gainerako kideek be maila bikaina emon dabe-eta hainbat lekutan. Getxoko uretan, beteranoek sasoi betean dagozela erakutsi dabe; lehenengo taldeak hirugarren postu bikaina lortu dau 12:37,6ko denboragaz, ziaboga itzela (05:57,0) egin ostean. Era berean, Mundaka/Bilbao ontzi mistoa be gogor ibili da bigarren taldean, seigarren postua eskuratuz.

Elantxobeko olatuen artean, trainerillek be poz handiak emon deuskuez. Gazte mailako taldeak hirugarren postua eta brontzezko domina eskuratu dabe (16:31,63), harrobia gogotsu datorrela argi utzita. Bestalde, gizonen talde absolutuak bostgarren postu duina lortu dau (16:27,60) lehia gogorrean. Laburbilduz, Espainiako urrea, hiruko koroa eta beste bi podiumeko postu lortuta, Mundaka munduko herririk harroena sentitu da asteburu honetan.