Europako ordezkariak Tonpoi barreskuratzeko proiektua ikusten izan dira

Bermeok Europako hainbat herrialdetatik etorritako ehun bat teknikari eta arduradun politikoren bisitea jaso dau, Tonpoi ingurua barreskuratzeko proiektua bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Bisita hau IHOBEek antolatutako jardunaldi batzuen barruan dago, LIFE programaren eta Urban Klima 2050 proiektuaren harian. Ordezkaritzari harrerea egin deutsie udaleko ordezkariek, Nadia Nemeh Shomaly alkatea eta Zigor Uriondo Arrue ingurumen zinegotzia buru zirala, eta taldeagaz batera joan dira Talan hasi eta Tonpoi ingururaino egin daben ibilbidean. Bertan, bisitariek esku-hartzearen xehetasun guztiak entzun dabez udal teknikari eta arduradunen eskutik.

Tonpoin egindako lana LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren parte da, eta klima-aldaketara egokitzeko eredutzat hartzen da. Egitasmo honi esker, biodibertsidadea indartu da, itsasertzeko frontea berreskuratu dabe eta gune berde indartsu, irisgarri eta herrigunetik hurbilekoa sortu dabe. Lehenago, ingurua nahiko lagata egoan: ortu txiroak, eraikin kaxkarrak, itxitura irregularrak, landare inbaditzaileak eta kontrolik bako isuri txikiak egoan nonnahi. Ganera, lurraren maldea eta itsasoaren hurbiltasuna zirala-eta, eremua oso ahula zan euri jasak edo itsas ekaitzak egoanean lur-jausiak egoteko.

Proiektu honek 1,4 hektareako azpiegitura berdea bihurtu dau gunea, Aritzatxu hondartza eta herri erdigunea oinezko bide baten bidez lotuz. Inguruneak itzal guneak eskaintzen ditu orain, eta natura-eremu hau aproposa da klima-aldaketara egokitutako baldintzetan kirola egiteko zein disfrutatzeko. Orain arte 600.000 euro inguru inbertitu dira; horreetatik 425.000 euro LIFE Urban Klima 2050 programatik, Eusko Jaurlaritzatik eta Kostaldeko Zuzendaritzatik jasotako dirulaguntzak izan dira.

Alkateak azpimarratu dau herria “harro” dagoala proiektu honekaz, herritarren bizi-kalidadea hobetzeaz gain, beste lurralde batzuentzat eredu dalako. Halere, zehaztu dau lana ez dagoala erabat amaituta, hirugarren fase bat falta dala-eta, finantziazino falteagaitik oraindik egin ezin izan dana. Alkatearen berbetan, “ingurumena berreskuratzeaz gain, oinezkoentzako ibilbide bat sortu dogu, herritarrek natura giroan eta klima-aldaketara egokituta ariketa fisikoa egin daien, erdigunetik hurbil baina zarata eta kutsaduratik urrun”. Bisita honek argi itzi dau Tonpoiko proiektuak Europan piztu dauen interesa, klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko tokiko konponbideen erreferentzia bihurtuz.