Inmaculada Ruiz Teran gernikarra omendu dabe munduko errekorra hautsi ostean

Gernika-Lumoko Udalak omenaldi berezia egin deutso Inmaculada Ruiz Teran atletari, 800 metrotan (W65 kategorian) munduko errekorra lortu ostean. Lorpen itzel hau joan dan urtarrilaren 17an erdietsi eban gernikarrak, Donostiako pista estalian egindako proban.

Ekitaldian, Jose Maria Gorroño alkateagaz batera, atletismoko agintari nagusiak egon dira: Raul Chapado Serrano (Espainiako Federazinoko presidentea), Mikel Tejedor Mateos (Euskadiko Federazinokoa) eta Ander Salinero Mugica (Bizkaiko Federazinoko presidentea). Aitortza modura, Ruiz Teranek plaka oroigarri bat jaso dau bere ibilbideko nazioarteko lehen errekorra ospatzeko.

Gernikako korrikalariak 2:40.34ko denporea sinatu eban 800 metrotan. Marka horregaz, Karen Brooks britainiarrak aurreko urtean Sheffielden ezarritako denporea (2:42.61) ondu dau. Emaitza honek munduko master atletismoaren puntan kokatu dau Ruiz Teran, beteranoen mailan dagoan lehiakortasun eta maila altua agerian itxiz.

Jose Maria Gorroño alkateak harrotasunez hartu dau barria eta adierazi dauenez “honelako lorpen bat aitortzea harrotasuna da guretzat. Inmaculadak esfortzua, konstantzia eta kirolaren baloreak ordezkatzen ditu, Gernika-Lumoren izena gure mugetatik haratago eramanez”.

Ekitaldiak, gainera, federazinoek adin guztietako atletismoa bultzatzeko egiten daben lana balioesteko be balio izan dau.