Gernika-Lumoko hiri-eremuak Memoria Demokratikoaren Leku izatearen adierazpena sendotu dau. Aitortza ofizial hau 2024ko apirilaren 13an argitaratu zan BOEn, eta herriko memoria historikoari lotutako hainbat gune balioan jartzea dau helburu, 1937ko bonbardaketa ezagunetik harago joanda.
Adierazpen honetan jasotako elementuen artean, Gernikako Gerra-Presoen Ospitale Militarra zena nabarmentzen da, Zalloko hilerriko 269 Memorialagaz batera erreferentzia-puntu bihurtu dana. Gune bi horreek herrigunean zehar banatutako bederatzi ondare-ondasunez osatutako multzo zabalago baten parte dira.
Zerrendan honakoak agertzen dira: Juntetxea, hainbat babesleku antiaereo, bonbardaketako biktimen oroimenezko hilarria, Europako Herrien Parkean dagozan Eduardo Chillida eta Henry Moore-ren eskulturak, kaleetan zeharreko beste eskultura batzuk, Bakearen Museoa, Gernika Gogoratuz ikerketa-zentroa, lehen aipatutako ospitale militarra eta Zalloko hilerriko mausoleoa (269 Memoriala eta gipuzkoar herritarren oroimenezko monolitoa daukana).
Erakundeek eta taldeek azpimarratu dabenez, adierazpen honen asmoa memoria inklusiboa eraikitzea da, testigantza eta gune historiko desbardinak batuz. Zentzu horretan, “Bakearen Atea” deitutakoa sortzea aurreikusita dago; ondasun horreek guztiak lotuko dituen eta interpretazio bateratua erraztuko dauen elementu nagusia izateko pentsatua dago, hori dala eta “Bakearen Atea memoria-ondare guztion ate bihurtu behar dogu ” azaldu dabe Pipergorri alkarteko kideek.
Prozesu honen barruan, 2025eko urtarrilaren 31n ekitaldi bat egin zan ospitale militarra izandakoaren inguruan —gaur egungo Gernika BHI—. Memoria-ibilbide honen barruan egokitutako lehenengo gunea izan da hori. Ekitaldian, azalpen-mahai bat eta Ereño-Arteagako harri gorriz egindako monolito bat inauguratu ziran, multzoaren ikur legez.
Ekitaldi horretan hainbat ordezkari instituzionalek hartu eben parte: Estatu Idazkariak, Gobernuko Ordezkariak, Gogora Institutuko zuzendariak eta Gernika-Lumoko alkateak. Horregaz batera, hezkuntza-komunitateko kideak, kultura-elkarteak eta biktimen senideak be egon ziran, tartean Begoña Fernandez, hildako preso baten alaba.
Ekimen honek, Pipergorri kultura-elkarteak eta beste batzuek bultzatuta, memoria historikoa gordetzen lagunduko daben eta iragan hurbilari buruzko hausnarketa kolektiboa sustatuko daben guneak garatzen jarraitu gura dau.





