Gernikak itzelezko garaipenagaz agurtu dau denboraldia Maloste sutsu baten aurrean

Denboraldiari amaierea emoteko eszenatoki hoberik ezin lei izan: Maloste leporaino, irudi polit bategaz taldea agurtzeko prest. Aurrean, ez nornahi, Perfumerias Avenida handia, playoffetarako serie-buru izateko asmoagaz eta Bizkaiko lurretan garaipena lapurtzeko prest etorrena.

Partidua salamancatarren menpe hasi zen, Cave jokalariak saski azpian agintzen ebala (4-8). Baina Gernikaren erantzuna ez zan berandu etorri: Olaeta itzel ibili zen hiruko marratik, lehenengo laurdenean 9 puntu lortuta, markagailua iraultzeko (22-18).

Pauso bat aurrera (47-37)
Bigarren laurdenean, Lointek Gernika Bizkaiak bere bertsiorik onena erakutsi eban. Avenida ezin zan korrika hasi eta arazo handiak eukezan 5×5eko jokoan. Gernikarrak defentsan gogor egozan, egokitzapenetan oso bizi, eta erasoan Olaeta eta Salvadoresek erritmo itzela ezarri eben. Montañanak hutsarteak eskatu behar izan ebazan bere taldea noraezean egoala ikusita. Bizkaitarrek 12 puntuko aldea be izan eben, eta atsedenaldira 47-37koagaz heldu ziren.

Aldapa gora (61-62)
Hirugarren laurdenean gauzak aldatu egin ziren. Jankovicen jaurtiketa libreekin hasi arren, Salamancako taldea indarberrituta urten zen aldagelatik. Distantziak murrizten hasi ziren eta Lucasek hutsartea eskatu behar izan eban (51-45). Iyanak eta Cavek blokeo zuzenetik min handia egin eben, eta Spreaficoren hiruko bati esker, Avenida aurretik jarri da denbora asko eta gero (55-57). Kolpe truke baten ostean, azken hamar minutuetara kanpokoak aurretik heldu ziran: 61-62.

Nahi eta ahal (86-75)
Azken laurdenean, marea granatea bultzaka hasi zen eta taldeak ondo erantzun eban. Vonleh saski azpian nagusitu zen eta Westerikek baloi garrantzitsuak lapurtu ebazan kontraerasoan amaitzeko. Castedoren hiruko batek markagailua 69-62 jarri eban. Avenidak 3-2ko zonakako defentsagaz erantzun eban 0-5eko partziala lortuz, baina Gernikak ez eban etsi.

Jankovicen sarrera batek 9 puntuko aldea emon eutson Gernikari amaierarako hiru minutu eskas falta zirenean. Spreaficok hiruko bat sartu eban, baina Olaetak berehala erantzun eban beste bategaz garaipena ziurtatzeko. Azkenean, 86-75 eta jaia nagusi.

Lointek Gernika Bizkaiak modu ezin hobean itxi eban liga erregularra. Jokalari eta teknikoek zapore gozoagaz amaitu gura eben denboraldi gogor hau, eta lortu dabe.