Musika helduei hurreratzeko hastapen tailerrak martxan jarri dauz Segundo Olaeta Musika Eskolak

Gernika-Lumoko Segundo Olaeta Musika Eskola Publikoak musika hastapen tailerren edizino barri bat jarri dau abian, helduek datorren ikasturterako instrumentu desbardinakaz lehenengo hartu-emona izan daien.

Ekimena aurretiazko ezagutzarik ez daben helduei zuzenduta dago, ohiko ikasleez gain, musika praktikea herritar gehiagorengana zabaltzeko asmoagaz. Proposamenak aurreko urteetako formatuari eusten deutso: ordubeteko hiru saio izango dira, talde txikietan, eta guztira 20 euroko kostua izango dabe.

Tailerrak 18 eta 99 urte bitarteko pertsonentzat zabalik dagoz eta ez dabe musika-lenguaiari buruzko jakintzarik eskatzen, sarrera-izaera hori indartuz. Aukeren artean trikitixa, txeloa edo akordeoia lako espezialidadeak aurkitu daitekez, maiatzean zehar egingo diran saioetan. Eskolak berak emongo dauz klasetarako beharrezkoak diran instrumentuak; horrek, ostera, plaza kopurua mugatua izatea dakar.

Era berean, zentroak 2026-2027 ikasturterako matrikulazino kanpaina aktibatu dau, eta maiatzaren 4tik 29ra bitartean egongo da zabalik. Izen-ematea www.kulturagernika-lumo.eus webgunearen bidez edo eskoleko idazkaritzan bertan egin daiteke, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.

Informazino gehiago gura dauenak, eskoleagaz hartu-emonetan jarri daiteke 946 270 214 telefono zenbakira deituta. Deialdi bikoitz honegaz, Musika Eskoleak ikasleak erakartzeko estrategiea indartzen dau, prestakuntza arautua eta hurreratze-ekintzak buztartuz, publiko barriek musika praktikea konpromiso barik esploratu daien.