Kortezubiko Udalak aho batez onartu dau aurrekontua, zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzeko helburuagaz

Kortezubiko Udalak, joan dan martxoaren 24an egindako Osoko Bilkuran, aho batez onartu eban 2026. urterako udal aurrekontua, guztira 875.000 eurokoa izango dana.

Alkateak, Karmele Enbeita Ozamizek, azpimarratu dauenez, kudeaketa honen lehentasuna pertsonen bizi-kalitatea eta ondoizatea hobetzea da, efizientzia eta jasangarritasun irizpideak erabilita. Aurrekontu honek herritarren partaidetza be kontuan hartu dau, auzokideen bileretan jasotako proposamen batzuk txertatu baitira planean. Inbertsiorik handiena Santa Ana eta Idokilis auzoak lotzen dauzan bidea hobetzeko erabiliko da; zehazki, 235.900,95 euro bideratuko dira kilometro bat inguruko tartean irisgarritasuna bermatzeko. Horrez gain, auzotarrek eskatutako udal gimnasio barria sortzeko 27.509 euroko partida gorde da, kokalekua oraindik zehazteke dagoen arren.

Hirigintzari dagokionez, 7.744 euro aurreikusi dira Hirigintza Plangintzaren (HAPO) berrikuspenagaz amaitzeko, eta beste 9.680 euro hainbat proiektutarako. Kulturaren eta memoria historikoaren arloak be garrantzi handia daukie Kortezubiko Udalarentzat; 9.082,47 euro bideratuko dira memoria berreskuratzeko lanetara, eta “Kortezubi 1900-1945” liburuaren beste tirada bat be argitaratu da. Euskarari dagokionez, “Euskara Lantzen Kortezubin” programak 17.500 euroko babesa jasoko dau. Azkenik, herriko dinamizazio soziokulturala indartzeko, Udalak dirulaguntzak emongo deutsez Bolunzulo Kultur Elkarteari, Gure Arbasoen Herriari, Jubilatuen Elkarteari eta Busterri Herri Kirol Klubari, liburutegiko funtsak eguneratzeagaz batera.