“Gaztemunduri Ateak ireki” programeak familiak behar ditu Busturialdean

Eusko Jaurlaritzako Gaztemundu eta Batzen Kultur Alkartearen Ateak Ireki programeak, Bizkaiko Foru Aldundiak babestutakoak, alkarlanean dabilz euskal diasporearen eragina zabaltzeko asmoz, Gaztemunduri Ateak Ireki izenpean. Bagilaren 27tik garagarrilaren 19ra, Argentina, Uruguai, Estatu Batuak, Kanada eta Australiako euskal komunidadeetako gazteak hartuko ditu Goierrin (Gipuzkoan) eta Busturialdea-Urdaibain (Bizkaia). Guztira, 54 gaztek emon dabe izena Bizkaiko egonaldirako.

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzautako Ateak Ireki programearen laugarren edizinoak barrikuntza garrantzitsuak izango ditu, izan be, aurton, Eusko Jaurlaritzearen Gaztemundu programeagaz alkarlanean ibiliko da, euskal diasporan daukan eragina Gaztemunduri Ateak Ireki izenagaz zabaltzeko.

Guztira, 54 gaztek emon dabe izena aurtengo Bizkaiko egonaldirako, gehienak Argentina, Uruguai eta Australiakoak. Orain, harrera-familiak identifikau behar dira, Busturialdekoak eta euskaldunak izan beharko dabe-eta.

Oraingo honetan, Ipar Amerikako gazteez gan, Australia, Argentina eta Uruguaitik etorritako euskal jatorriko gazteak be batuko dira, Euskal Etxeetako Federazinoen (FEVA Argentinan, FIVU Uruguain, NABO Estadu Batuetan eta Euskal Australiar Alkartea) lankidetzaeagaz.

Halanda ze, Batzen Kultur Alkarteak Euskal Herriko hainbat erakunde eta alkartegaz batera aurrera eroaten dauan proiektua da Ateak Ireki. Ekimenean, Euskal Herritik kanpoko gazteei aukerea emoten jake hiru asteko egonaldia familietan egiteko gure hizkuntzea, ohiturea eta kulturan blaitu eta etorkizunean euskal komunidadearen aktibo izan daitezan.

Hainbat urtez, Goierri (Gipuzkoa) izan da zentroa. Bertara, estatubatuar eta kanadar gazteak eroan ditue; aurton, lehenengo aldiz, Busturialdea-Udaibain ateak edegiko deutsee australiar, argentinar eta uruguaildarreei. Herri proiektu legez egiten dabe aurrera euskal diasporekaz sareak eregiz.

Programa horren helburua ondokoa da: Euskadiren eta diasporaren artean zubi iraunkorrak sortzea, belaunaldi barrien lotura kulturala, linguistikoa eta gizatiarra indartuz. Hori dala eta, 2026ko udan jatorri barriak sartuko dira eta, lehen aldiz, Bizkaiko familiak izango dira anfitrioiak. Urrats garrantzitsua da, parte-hartzaile askok bizkaitar sustraiak ditue-eta.

Holan, antolatzaileek dei egiten deutse Busturialdea-Urdaibai inguruko familiei hiru astez gazte horreetako bat hartzeko. Baldintza moduan, eskatzen da euskerea etxeko betiko hizkuntzea izatea, kideetako bat gitxienez nerabea izatea eta kulturarteko esperientzia hori partekatzeko prest egotea.

Izena emoteko formularioa www.ateakireki.eus webgunean dago eskuragarri.

Kontuak kontu, ondokoa da eskaintzea:

  • 3 astetan zehar Busturialdea-Urdaibaiko familien etxeetan egonaldia.
  • Euskera eskolak.
  • Urteerak inguruko herri eta urietara.
  • Tailerrak: sukaldaritzea, bertsolaritzea, euskal jantzea eta herri kirolak.

Bertara etorriko diran gazteen ezaugarriak dira: 18 eta 25 urte arteko gazteak, Euskal Kulturan eta komunidadean interes berezia daukienak.

Bestalde, familia jagokenez, ondoko baldintzak bete beharko ditue gazteak etxean jasoteko:

  • Euskerea izan behar da etxean erabiltzen dan hizkuntzea.
  • Posible bada, familiak diasporako parte-hartzailearen edade antzekoa daukan gazte bat izan behar dau.
  • Familiako kide batek gitxienez ingelesez berba egin behar dau. Holan, behar danean, itzulpenean laguntzeko ahalmena izango dau.
  • Familiak hiru asteko egonaldian parte-hartzaile bat hartzeko gaitasun ekonomikoa izatea.

Halanda ze, familia parte-hartzaileari etxea edegi eta eguneroko bizitzan txertatzea da: logela eta ohea emotea, otorduak koordinatzea, etxeko arauak argi emotea eta kultur trukea sustatzea. Antolakuntzeak aste barruko jardueren egitaraua kudeatzen dau, baita aste barruko bazkariak be. Familiak, barriz, hiru asteetan zehar gosaria eta afariaz arduratuko dira astean zehar. Gainera, asteburuak harrera familiagaz egoteko egunak dira; beraz, familiak erabagiko dau zer, non eta zelan egin.

Hobe da parte-hartzaile bakotxak logela propioa izatea; baina pribatasuna eta erosotasuna bermatzen bada, posible da beste bategaz partekatzea. Normalean, familia bakotxak parte-hartzaile bat hartzen dau; hori bai, aukerea egon daiteke parte-hartzaile bi hartzeko baldin eta etxean leku eta erosotasuna nahikoa bada.

Familia anfitioiek ez dabe ordainsaririk jasoten; proiektua boluntariotza eta kultur trukea da. Programako jardueren kostuak antolakuntzeak estaltzen ditu. Etxeko betiko otorduak, familiaren kontu izaten dira. Halanda be, parte-hartzen dauen gazteak, aukerea izango dau hurrengo udan Estadu Batuetara joateko NABOk atontzen dauen Udaleku programan monitore izateko. Monitore hautatua, Ateak Ireki eta Udaleku atontzen dauen euskal etxearen artean erabagiko da.

Parte-hartzaileak eta familiak profilen arabera parekatuko dira: interes komunak, hizkuntzak, ohiturak eta beharrak kontuan hartuta. Helburua esperientzia aberasgarria eta segurua bermatzea da alde bientzat.

Antolatzaileek ondokoa adierazo dabe: zortzi miloe persona baino gehiagok osotzen dogu Euskal Komunidadea. Guztion indarra, pasinoa, jakituria eta poz taupadea aktibauko bagenu… Zer egiteko gai izan gaitekez lana alkarregaz egitea guztiok bultzatzen badogu?

Ateak Ireki

Ateak Ireki Batzen Kultur Alkarteak atontzen dau eta Estadu Batuetako eta Kanadako euskal diasporako gazteentzat da.

Programea sortu zanetik, Eusko Jaurlaritzeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Goiekik, Goierriko udalek eta Nafarroako Gobernuak babestu dabe.

Ateak Ireki egitasmoak udako hiru asteko esperientzia eskaintzen dau Goierri eskualdeko familietan, Gipuzkoan. Azken hiru urteetan, Ipar Amerikako herrialde bi horreetako 102 gazte hartu ditu, euskerea eta euskal kulturearen ezagutzan sartu daitezan.

Programa horren helburua Euskadiren eta diasporaren artean zubi iraunkorrak sortzea izan da, belaunaldi barriek Euskadi edegi, global eta partekatu bategaz daben lotura kultural, linguistiko eta gizatiarra indartuz.

Ekimenaren hirugarren edizinoa joandako udan egin zan, 2025eko bagilaren 28tik garagarrilaren 20ra hain zuzen be. Guztira, euskal jatorriko 33 gazte iparramerikar batu ziren Goierri eskualdeko hainbat udalerrian. Parte-hartzaile gehienak Kalifornia, Idaho, Utah, Nevada eta Washingtongoak izan ziran.

Guztira, 46 gaztek emon eben izena programan. Horreetatik 33 aukeratu zituen, 16 eta 25 urte bitartekoak.

Familia-jatorriari jagokonez, % 31,9 Bizkaikoak ziran, % 25,5 Nafarroakoak, % 25,5 Behe Nafarroakoak, % 8,5 Gipuzkoakoak, % 6,4 Lapurdikoak eta % 2,1 Arabakoak.

Gaztemundu

Gaztemundu euskal diasporako gazteentzako programea da. Kanpoan dan Euskal Komunidadearentzako Zuzendaritzeak (Eusko Jaurlaritzea) atontzen dau. Orain dala 30 urte sortu zan, 1996. urtean hain zuzen be. Harrezkero, euskal diasporako 800 gaztek baino gehiagok hartu dabe parte egitasmoan.

Programeak, urtero, euskal etxeetako 26 gazte hartu ditu batez beste. Gazte horreek prestakuntza-aste bi jaso ditue eta Euskadiko txoko ikonikoak bisitetako aukerea izan dabe. Gaztemundu programearen edizino bakotxa gai baten ingurukoa izan da: kultur kudeaketea, gastronomia, jantzea edo euskal musika-tresna tradizionalak.

Batzen Kultur Alkartea

Batzen Euskal Komunidadearen Proiektu Dinamika barria da: Euskal Komunidadea sentiduten dogun guztion alkargune izateko jaio dana; eta Euskal Komunidadeaz gabilzenean, euskal komunidadearen zentzurik zabalenaz gabilz: Euskal Autonomi Erkidegoa, Nafarroa, Ipar Euskal Herria, diaspora eta -.eus- komunidadea hain zuzen be.

Hainbat instituzinok, alkartek, eragilek edota norbanakok urteetan egindako lana autortuz eta kontuan hartuz, euskerea, euskal kulturea, Euskal Herria eta Euskal Komunidadea munduko plazan kokatzen lagundu gura dabe, alkarlana sustatuz eta proiektuak gauzatzeko dinamika barriak sortuz.

Beraz, Euskal Komunidadea munduko plazan herri legez handitzen jarraitzeko uritar askoren ekarpena eta parte-hartzea lortuz, gizarte eragile, erakunde publiko eta pribaduekaz batera, asmo handiko proiektu erakargarri eta eraginkorrak alkarregaz jorratzea eta gauzatzea lortu gura dau Batzen Kultur Alkarteak.

Kontuak kontu, programea, bagilaren 27tik garagarrilaren 19ra izango da. Informazino osoa eta izena emoteko formularioa www.ateakireki.eus webgunean dagoz eskuragarri. Animau eta zabaldu euskerea eta euskal kulturea!