Joxean Agirre
Elkar/2026
Bi pertsonaiaren talka jasotzen du Joxean Agirrek ‘Mio marito deitzen zion’ (Elkar) eleberrian. Alde batetik, Agirrezabal izenekoa. Erregresioak dituena, burua galtzen duena eta atzera begiratzen duena. Idazle zaharra, ospetsua eta txotxeatzen hasia dena. Bestalde, ‘Berria’-n bekadun lanean hasi den kazetaria, idazle izateko asmoa duen gaztea.
«Gizonezko parodikoak ditut gustoko. Ni bezalakoak. Dena den, ez da autofikzioa», esan du Agirrek, bere nobelen irakurleak ere profil horretakoak izan daitezkela gaineratuz. «Nire nobelak irakurtzen dituztenak ez dira gizon seguruak eta zalantzarik gabekoak izango», gaineratu du.
Gizonen trakestasunaren adibide, ‘Berria’-ko bekaduna eguneroko bizimoduan koldarra dela azaldu du. Baina ordenadore aurrean adoretsu bilakatzen da, elkarrizketa faltsu bat egiteraino. Erredakzioan esandakoarekin animatuta edo, ligatzeko ikastaro batera apuntatzen da bekaduna. Bertan, gizon arrakastatsua eta zalantzarik gabekoa topatzen du, harroa. «Nik galtzaileen alde egiten dut», adierazi du Agirrek.
Gizon trakets hauen alboan emakume superboteretsuak azaltzen dira, oso enpoderatuak. Hasierako lanetan emakumeak ez zirela horrela azaltzen esan izan diotela azaldu du Agirrek. Modu inkontzientean feminismoaren eragina jaso duela onartu du.