Amaia Aberasturi (1997) aktore arteagarrak zineman, telebistan zein plataforma barrietan garatu dau bere ibilbidea, ekoizpen garrantzitsu askotan parte hartuz; horreen artean dagoz, besteak beste, Zigortzaileak, Akelarre, Vitoria, 3 de marzo, Bienvenidos a Edén, Beguinas, edota Cuéntame cómo pasó telesaila. Ia bi hamarkada interpretazinoari lotuta daroazan honetan, aktoreak bere ibilbide profesionalaren errepasoa egin dau, lanbideari buruzko hausnarketea eginez.
Zer leku beteten dau gaur egun zure herriak zure bizitzan?
Nire etxea izaten jarraitzen dau, hara bueltetan naz beti eta han jarraitzen dot persona moduan hazten. Lanak ixten deustan guztietan han bizi naz nire mutilagaz, ahizteagaz batera barriztutako baserri baten; bera nire auzokidea da, eta gurasoak be herrian bertan bizi dira. Beti bueltetan naz hara, hantxe sentitzen naz-eta lasaien. Lanbide honek askotan etxetik kanpo egon beharra dakar, filmaketak egiten edo proiektuak prestetan, eta niretzat funtsezkoa da Arteagara bueltau ahal izatea.
Filmatzen ez zabilzanean, zelangoa da zure egunerokotasuna fokoetatik urrun?
Oso pertsona familiarra naz eta natura behar-beharrezkoa dot ondo sentitzeko. Horregatik, lanean ez nagoenean, mutilagaz zein hurbilekoakaz egotea edo kirola eginez aire librean ibiltea da gustokoen dodana. Ez naz parrandazalea, ezta sozialegia be zentzu horretan; errutina sinple baten beharra izaten dot orekea mantentzeko. Lanbide honek une oso gogorrak eta ziurgabetasun handikoak daukaz; lanetik kanpo oinarri sendo bat ez badaukazu, askoz gehiago kostetanda hori dana kudeatzea.
Zer garrantzia izan dau kirolak zure bizitzan?
Beti izan da oso garrantzitsua. Txikitatik hasi eta 18 urte bete nebazan arte, dantza garaikidean murgilduta egon nintzen buru-belarri. Astean ordu asko eta asko eskaintzen neutsan dantzari; diziplina handiko mundua da. Izan be, une jakin baten, nire buruari galdetu neutsan ea modu profesionalean dantzara dedikau gura neban, aukera hori oso presente neukalako nire buruan. Azkenean, ordea, interpretazinoaren munduak indar handiagoa hartu eban niregan eta dantza itxi behar izan neban; fisikoki eta denpora aldetik ezinezkoa zalako bi mundu horreek maila gorenean uztartzea. Dana dala, kirolarekiko lotura hori ez da inoz eten. Geroago, errepideko bizikletan hasi nintzan, eta gaur egun asko eskiatzen dot. Nire mutilak horretan diharduenez, neguko hileetan denpora asko pasetan dogu edurretan, Pirinioetan. Interpretazinoa bokazinozko lana da, baina baita ezegonkorra be.
Zelan daroazu alderdi hori?
Seguruenik, horrek emoten deust errespetu gehien ofizio honetan. Inoz ez dakizu zer pasauko dan gero. Gerta daiteke bolada baten hainbat proiektu jarraian izatea eta, bat-batean, filmaketa bat amaitu eta hurrengoa noz helduko dan ez jakitea. Sentipen hori hor dago beti, baita urteak lanean daroazazunean be. Beraz, ziurgabetasun horregaz bizitzen ikasi behar da. Aldiz, lanak berak ez deust bildurrik emoten; aitzitik, erronkak eta nigandik urrun dagozan pertsonaiak asko gustetan jataz.
Noz hasi zan zure harremana interpretazinoagaz?
Nahiko goiz. Hamaika urte nebazan Zigortzaileak izeneko nire lehen pelikulako castinga egin nebanean, eta hamabi hura filmau nebanean. Txikitatik esaten neban artista izan gura nebala, nahiz eta ez nekian oso ondo zer zentzutan, nire familian inork ez dauka-eta zerikusirik mundu honegaz. Filmaketa hartan konturau nintzen leku egokian nengoala; benetan gustetan jatala eta bide horretatik jarraitu gura nebala. Orduan hasi nintzen serioago formetan, eta apurka-apurka ikusi neban nire ogibidea izan zitekeela.
Zelangoa izan da formazino prozesu hori?
Niretzat formazinoa oso garrantzitsua izan da. Lehenengo esperientzia haren ondoren, interpretazinoa ikasten jarraitu neban, eta aurrerago Zinema eta Telebistako diplomaturea egin neban Madrilgo Central de Cine eskolan. Formazinoak tresnak eta lanerako askatasuna emoten deutsula uste dot. Beti esaten dot koadro bat margotzea modukoa dala: zenbat eta kolore gehiago izan, orduan eta aukera gehiago daukazu, nahiz eta gero batzuk bakarrik erabili. Baina egia da esperientzia be funtsezkoa dala; gauza batzuk lanean ari zarela bakarrik ikasten dira, hanka sartuz eta barriro saiatuz. Ideala bien arteko orekea aurkitzea da.
Proiektu bat aurkezten deutsutenean, zerk bultzatzen zaitu onartzera?
Zalantza barik, pertsonaiaren indarra eta gidoiaren kalidadea dira niretzat lehentasuna. Pertsonaiak zerbait mamitsua badauka kontetako, ondo eregita badago eta nire aldetik lan interesgarri bat garatzeko aukera emoten deustala sentitzen badot, horrek erakarten nau gehien. Jakina, badagoz beste faktore batzuk be erabakian pisua daukienak: lantaldea, zein ekoiztetxe dagoen atzean, edo aurretik jente horregaz lan egin dodan eta giro ona dagoen jakitea. Aurretik ezagutzen dozun eta konfiantzazkoa dan jenteagaz lan egiteak beti gehitzen dau segurtasuna, baina oinarri-oinarrian istorioak egon behar dau. Istorioak hunkitzen banau eta nik proiektu horri zerbait baliotsua eskaini neikiola uste badot, orduan izaten dot lan horretan murgiltzeko gogoa.
Zure ibilbidean asko mobidu zara, proiektu handietan murgilduz hemen zein kanpoan. Zelan lortzen dozu zure euskal nortasunari eustea?
Hori da gure lanbidearen berezko ezaugarrietako bat: askotan, lana dagoen lekura joan behar dozu nahitaez, eta aktoreok ez daukagu beti non eta noz lan egin aukeratzeko luxurik. Hala be, nik nire sustraiak oso barneratuta daukadala sentitzen dot, izan be, euskaraz bizi naz nire egunerokoan: nire familiagaz, nire lagun minenakaz… baita etxeko animaliakaz be. Egia da nire bizitzea hizkuntzen arteko nahasketea da: lanean, askotan, gaztelaniaz aritzea tokatzen jata, eta mutilagaz, adibidez, katalanez hitz egiten dot, baina nire oinarria eta sena beti dira euskarazkoak. Gure hizkuntza eta gure kulturea nire izaeraren parte dira eta, kosta ahala kosta eutea gustetan jata. Horregatik, Euskal Herrian lan egiteko aukera dodan bakotxean, ilusino berezia egiten deust eta gogo handiz hartzen dot. Dana dela, proiektua ederra bada eta niretzat erronka bat bada, bardin deust filmaketa non dan; aktorearen lana mundu zabala da eta horrek be aberasten gaitu.
Zure ibilbidean une oso garrantzitsuak izan dira, besteak beste, Akelarre filmagatik Goya sarietarako izendapena. Zer suposau eban zuretzat?
Erabat ustekabekoa izan zan. Akelarregaz uste neban ez nebala aukera handirik izango; izan be, aktore errebelazino kategorian behin bakarrik aurkeztu ahal zaitue, eta nire kasuan, lehenago aurkeztu ninduen beste pelikula bategaz, nik jakin barik. Goya sarien unea iritsi zanean, ekoizleak esan eustan ezin ninduela barriro errebelazino moduan aurkeztu, eta aukera guztiak galdutzat emon nebazan; pentsatzen neban kategoria horretan ez bazan, oso gatxa izango zala ezer pasetea. Izan be, izendapenak iragarri ebiezan egunean lanean nengoan, beste proiektu bat entsaiatzen, eta ez nintzan ezta entzuten jarri be egin, ez nebalako batere espero. Horregatik, sorpresa itzela izan zan emakumezko aktore protagonista onenaren sarirako izendatuta nengoela ikusi nebanean. Poz handia hartu neban, batez be Akelarren pertsonaia asko landu nebalako; ordu asko eskaini neutsan prestaketari eta azterketari, eta ahalegin hori baloratua zala sentitzea oso berezia izan zan. Ganera, inflexino-puntu bat markau eban nire ibilbidean, handik aurrera proiektu eta aukera gehiago heltzen hasi ziran-eta.
Pertsonaia barri bati aurre egiten deutsazunean, zelan prestetan dozu?
Pertsonaia bakotxaren izaeraren arabera asko aldatzen da prozesua, baina hasi aurretik ha ondo ulertzen saiatzen naz beti. Nondik datorren jakitea gustetan jat, zer pasetan jakon, zelan pentetan dauan, zerk modiduarazoten dauan… Zenbat eta informazino gehiago izan, orduan eta askatasun handiagoa daukat gero lanean jarduteko. Batzutan, denpora asko daukazu dana xehetasunez prestetako, eta, beste batzuetan, prozesua askoz bizkorragoa da; baina nire aldetik beti saiatzen naz ahalik eta denpora gehien eskaintzen prestaketari. Nahiko zorrotza naz nire buruagaz eta pertsonaia ondo landuta daroadanaren sentsazinoa izatea gustetan jat.
Emakume izateak zure lanbideko esperientzian zeozelan eragin dauala uste dozu?
Behin baino gehiagotan galdetu deutsat hori nire buruari, egoera jakin batzutan sentitzen dodana nondik datorren ez dot beti argi izaten-eta. Momentu batzutan zalantzea izaten dot emakume izateagatik dan, gaztea izateagatik edo, besterik barik, hasieran emoten dodan irudiagatik. Pertsona nahiko gozoa naz, eta fisikoki be txikitxua, eta uste dot horrek hasiera batean autoridadea erakustea gehiago kostetea dakarrela. Emakumea izateak be eragina izan leike horretan, seguru esan ezin badot be.
Azken urteotan asko hitz egiten da industriaren barruko aldaketaz. Lan egiteko moduan alderik igarri dozu?
Bai, batez be gauza oso zehatzetan. Esaterako, orain askoz ohikoagoa da “intimidade-coach” edo intimitate-prestatzailearen irudia topetea set-etan. Lehen ez zan existitzen eta orain ia proiektu guztietan dago; aldaketa oso garrantzitsua izan dala uste dot. Izan be, gaur egungo eszena intimoak akzinozko eszenak moduan prestetan dira: aurretik hitz egiten da, koreografia bat balitz legez mobimentuak adosten dira, eta dana askoz gehiago zaintzen da. Horrek aktoreoi babes eta segurtasun handia emoten deusku.
Sektorean emakume gehiago egoteak aldaketa positibo horietan eragina dauela uste dozu?
Zalantza barik, horrek eragin zuzena daukala uste dot. Intimidade-coach gehienak emakumeak izatea ez da kasualidadea, nire ustez. Sarri, askoz errezagoa eta naturalagoa egiten jaku mota horretako eszenei buruz beste emakume bategaz hitz egitea, babestuago sentitzen garelako. Urte askoan, zinemaren industria gizonezkoen begiradeak eta irudiek menderatu dabe erabat, eta horrek lan egiteko modua marketan eban. Gaur egun, zorionez, errespetu handiagoa arnasten da, baina halanda be, ezinbestekoa da figura horreek eta protokolo horreek egotea.
Emakumezkoen pertsonaiak idazteko moduan be aldaketarik nabari dozu?
Bai, apurka. Orain pisu handiagoko emakumezko pertsonaia gehiago dagoz, batez be adin helduagokoak, nahiz eta oraindik bidea egon egiteke. Dana dala, nire ustez, burruka nagusia presio estetikoaren inguruan dago oraindik. Emakumeei beti exijiduten jaku irudi perfektua izatea, beti gazte eta tximur barik egotea, gizonezko aktoreei beste modu naturalago baten zahartzen ixten jaken bitartean. Horren kontra egitearen alde nago; naturaltasuna maite dot eta denboraren igarotzea eta nire aurpegiaren aldaketak presino hori barik onartu gura neukez.
Amaitzeko, herri txiki bateko neska gazte batek interpretazinoan jardun gura badau, zer aholku emongo zeunskio?
Bere buruarengan sinisteko eta gogo handia izateko, baina baita babesa behar dauela jakiteko be. Herri txiki batetik etorteak dana zailtzen dau, ia dana Madriletik pasetan delako eta laguntza behar dozulako mobitzeko, bidaiatzeko, casting-ak egiteko. Nire kasuan, familiaren babesa funtsezkoa izan zan, bai emozionalki, bai arlo praktikoan be. Babes hori barik, nire bidea askoz aldapatsuagoa izango zan. Dana dala, amets hori argi badaukazu eta horren alde burrukatzeko eta gogor lan egiteko prest badago, lortu daiteke; baina pazientzia handia eta itxaroteko gaitasuna izan behar dira.





