Busturialdeko Plan Estrategikoaren talde eragileak 20 proiektuko zerrendea aurkeztu dau

Aurreikusita dago Eskualdeko Plan Estrategikoa aurtengo udabarrian onartzea eta proiektu eragileen kopurua mugatua izango da. Helburua da eskualdeko bizi-kalidadea eta lehiakortasun ekonomikoa hobetzea.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gobernu Kontseiluan Busturialdea-Urdaibai eskualderako Erakunde arteko Plan Estrategikoa egitea onetsi eban 2024ko zezeilaren 29an. Helburua da Busturialdea-Urdaibaiko eskualdearen ondoizatea eta lehiakortasun ekonomikoa hobetzen dituen proiektu eragileak egitea eta identifiketea.

Plan horrek Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan (LJE) garatutakoen ereduari jarraituko deutso eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta ondoko hogei udal honeen lankidetzakaz egingo da: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Mundaka, Nabarniz eta Sukarrieta.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko Saileko diputaduak, ondokoa aitatu eban: helburua da erakundeen arteko plana atontzea, eskualdeko garapen iraunkorrean eta bizi-kalidadean eragiten daben eremu handiak barruan hartzen dituan ikuspegi integral bategaz, eta, horretarako, proiektu eraldatzaileak identifiketea eta garatzea.

Bestalde, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesinoa eta Bardintasuna Sustatzeko dipudaduak adierazo eban sailak proposamenak egingo dituala eta entzun, berbatu eta aztertu egingo dabela, Bizkaiko eskualde horretara bideratzen diran inbersino-programen arrakasta ahalik eta handiena izan deian eta programa horreen onurak eskualdeko biztanle gehienengana heldu daitezan.

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbea

46.300 biztanle ditu eta Busturialdea-Urdaibaik Biosferaren Erreserbea hartzen dau. Erreserba hori 1984an integrau eban Unescok haren MaB programan, halanda ze, personek inguruneagaz daben hartu-emonak hobetzeko Gizakiari eta Biosfera Programean. Gero, Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Atontzeari buruzko 5/1989 Legea ondo eretxi zan, baita horren zuzenbide arautzailea be, hura babesteko jarraibideak ezarri zituana.

Holan, Busturialdea-Urdaibai Garapen Jasangarriko Helburuekaz (GJH) konprometidutako eskualdea da. Helburu horreek aukera-eremu dira inguruko ekimenak sustatzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua, zerbitzu onak eta bizi-kalidade handia dituan leku batean bizi nahi daben eskualdeko personen itxaropenei eta eskaerei erantzuteko.

Halanda be, Biosferaren erreserbeak baldintzetan dau eremua zela egituratuko dan, baita azpiegiturak eta ekipamenduak, jarduera ekonomikoa, eskualdeko eta hortik kanpoko hartu-emonak eta horreen idiosinkrasia be. Errealidade horrek eragina dauka garapen ekonomikoaren eta herritarren ondoizatean, eta, horretarako, azterketa partekatu bat egin behar da, erakunde publikoek jarduketa espezifikoak martxan jar dagiezan, eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoak be barrruan hartzen dituan lankidetza-ereduan.

Lehentasunezko Jarduketa Eremua (LJE)

Busturialdea-Urdaibaiko erakunde arteko Plan Estrategikoak Lehentasunezko Jarduketa Eremuetarako (LJE) garatutakoen ereduari jarraitu deutso, esaterako Bizkaian Enkarterrin eta Ezkerraldea-Meatzaldean egin ziran bietarako. Horreezaz gan, Aiaraldeko Plana egiten dabilz, Bizkaiko lau udalerri hartzen dituana eta Debabarreneko Plana, Bizkaiko udalerri bi hartzen dituana.

Beraz, plan horren abiapuntua partekatutako diagnostikoa eta hausnarketea izan ziran. Halanda ze, proiektu zehatzen bidez analisi horretan ikusten ziran beharrei erantzun jake. Eskualdeko herritarren ondoizaterako kako ziran gaiak azpimarratu dira, besteak beste, jarduera ekonomikoa, prestakuntzea eta enplegua, eraldaketa-urbanoa eta barrikuntza, kultura eta turismo jasangarria, mugikortasuna eta ingurumena eta oinarrizko azpiegiturak (hornikuntza, saneamendua, lurzoruak berreskuratzea eta abar). Jarraituko dan metodologiak ondoko osagai honeek izan ditu: eskualdeko erronken ikuspegi partekatua, bospasei proiektu eragileren identifikazinoa, inpaktu-adierazleen panela eta horreek ezartzeko eta jarraipena egiteko gobernantza-eredua.

Prozesu horretan ezohiko ekimena egiteko beharrezkoak diran baliabide ekonomikoak identifikau dira, Lehentasunezko Jarduketa Eremuetan egin dan lez. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Batzar Nagusiei bialdu deutse plana, jarraipena egin dagien.

Partaidetza Foroa

120 pertsona inguruk parte hartu eben gabonilaren 11 eta 12an egin zan Busturialdea-Urdaibaiko Plan Estrategikoaren (EPE) Eskualdeko Partaidetza Foroan, Busturiako Ekoetxea Urdaibain. Diagnostiko-fasea amaitu ondoren, EPEaren garapenak aurrera jarraitu eban topaketarako, alkarrizketarako eta ikuspegiak trukatzeko espazio horren bidez. Bertan parte hartu eben eskualdea ordezkatzen daben eragileek, adituek eta planaren talde eragileko ordezkariek. Talde hori eskualdeko 20 udalek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak osotzen dabe.

Kontuak kontu, 120 personak baino gehiagok parte hartu eben bost mahai tematikoetan eta ondoko gai honeek jorratu ebezen: uri-berroneratzea, etxebizitzea, talde kalteberentzako arretea eta zerbitzu publikoak; bizi-kalidadean eragina daben mugikortasuna eta azpiegiturak; prestakuntzea, enplegua, autoenplegua eta mikroenpresen lehiakortasuna; ondare naturala, historikoa eta kulturala, identidadea eta turismoa; enpresa-lehiakortasuna, ekintzailetza aurreratua eta sustapen sektoriala.

Jorrratutako gaiei esker, ikuspegi integraletik heldu eutsien egoeraren diagnostikoan identifikatu ziran eskualdearen etorkizuneko erronka estrategikoei.

Ondoko honeek hartu eben parte topaketan: eskualdeko udal gehienetako ordezkari politiko eta teknikoek; Udaleko eta udalez gaindiko soziedade publikoek: Beruala, Bermeoaldeko Behargintza, Lanbide Ekimenak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunidadea; Urdaibai Biosfera Erreserbako Zerbitzua; Lanbide Heziketako ikastetxeek: Barrutialde eta Nautika Eskola; Gernika Gogoratuz, Bakearen aldeko Aztertegia; Urremendi Landa Garapen Alkartea; Guggenheim Urdaibai Stop plataformea; Bermeo Tuna World Capital; Azti, Itsasoaren eta Elikagaien Arloko Ikerketa Zentroa; U-BAI Faktoria; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa; Eskualdeko zenbait enpresa eta enpresa-alkartek; Mahaietako gaietan adituak, eskualdeko errealidadea ezagutzen dabenak; eta, hainbat gaitan eskumenak dituen Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako sailak eta sozietate publikoak.

Parte-hartzaileen aukeraketa hura Plan Estrategikoaren talde eragilea osotzen daben administrazino guztien proposamenetan oinarrituta egin zan. Beraz, eragile askoren parte-hartzea bermatu eban.

Guztira, 20 proiektu

Taldearen bigarren topaketak 20 proiekturen atariko zerrendea aurkezteko balio izan dau. Zezeilaren 27an batu ziran, Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerren. Halanda ze, proiektu horreek eragile izan daitekez eta eskualdeko erronkei eta beharrizanei aurre egiteko gaitasun eraldatzailea daukie. Proiektu horreen sorreran ondoko honeek dagoz: hasierako diagnosi-fasea, udalekiko eta inguruko beste eragile garrantzitsu batzuekiko alkarrizketak, Eskualdeko I. Partaidetza Foroa (gabonilean izan zana) eta herritarren parte-hartzea.

Inguruko udalerrietako 400 personak baino gehiagok erantzun dabe lineako galdera-txortea eta adierazo dituen idea, hobespen eta ekarpenek atariko zerrendea aberastuko dabe.

Batzarrean, udalek lehentasunezko proiektuen ganean daukien eretxia adierazo dabe, eta, horri esker, atxikimendu handienekoak identifikau dira horreetan sakontzeko. Ondorioak ikusita, prozesuak aurrera egingo dau; horretarako, proiektuen azterketa tekniko-ekonomikoa egingo da eta Plan Estrategikoaren Eskualdeko II. Partaidetza Foroa.

LJEak (lehentasunezko jarduketa eremuak) garatzeko erakunde arteko estrategiari jagokon metodologia komunaren arabera, Busturialdea-Urdaibaiko Eskualdeko Plan Estrategikoa aurtongo udabarrian onartuko da. Plan horren proiektu eragileen kopurua mugatua izango da, eta erantzun oso eta koherentea emongo deutse herritarren ondoizatean eragina daukien eskualdeko erronkei.