2020. urtean sortu eben Inner taldea Mikel Fidalgok eta Edorta Apraizek. Ostean batu jakezan Jon Rementeria eta Asier Musatadi, eta daborduko euren bigarren lana kaleratu dabe: Arrakala diskoa. 90. hamarkadako Rock/Emo/Grunge musika estiloakaz identifiketan dira musikariak, eta euren estilo propioa garantzen jarraitzeko gosez daozala aitortu dabe.
Taldea ezagutzen hasi orduko, kontaizue nundik datorren Inner izena
Misterio handirik bako istorioa da. Talde askori pasetan jakon moduan, hasieran ez genkian zein izen jarri, eta Inner barrutik ataratako zerbait definitzeko erabiltzen danez, gure egoeragaz bat etorrela uste gendun. Izan be, gure abestiak barrutik sortutakoak izaten dira.
Fidalgo eta Apraiz, zergatik animau zinien taldea sortzera?
Pandemia garaian murgilduta, biok gustuko gendun musika talde bat omentzeko ideia izan gendun. Pedro The Lion zan talde hori, eta eurak izan ziren gure abiapuntua. Hasiera baten, Astra Iluntzeak-en tankerako testuinguruetan joteko proiektu bat sortu nahi gendun, baina apurka-apurka ideia barriak planteau eta joateagaz bat, proiektua garatzen joan zen. Ostean, Musa eta Remenegaz lan egiten hastea planteau gendun, eta taldeak beste norabide bat hartu eban.
Gaur egun Pedro The Lionen zantzuak dituzuela uste dozue?
Behar bada Pedro The Lionen diskorik gogorrenen ezaugarri batzuk ditugula esan geinke. Disko lasaiagoak eta gogorragoak dituen taldea da, eta momentu honetan bigarren talde horretatik gertuago gagoz. Dana dala, gero eta antzekotasun gitxiago ditugula sentitzen dogu. Influentzia desberdinagoak gehitu ditugu ibilbidean zehar.
Musak eta Remenek, zergatik erabagi zenduen, , taldera batzea?
Edorta musika mundutik aspaldi ezagutzen gendun. Fidalen kasuan, ostera, Sarkoren garaian be guri esku bat botaten etorten zan laguna gendun. Batagaz zein besteagaz zerbait egiteko gogoa geunkan, eta momentua heldu zala sentidu gendun. Kuadrilakoak izan ez arren, betidanik ezagutu dogu elkar, eta ezin geuntsien ezezkorik emon.
Zer eskaintzen deutso kide bakoitxak taldeari?
Musak erritmoa emoten deutso taldeari. Erritmoa eroaten ederto ikasi dauala sentitzen dogu, eta gero eta hobeto egiten dabela sinismena dogu.
Remeneri jagokonez, sendotasuna emoten deutso baxuagaz. Eszenatoki gainean esperientzia handia daukan musikaria da, eta hori transmitidu egiten dau.
Edortak, eta batez ere zuzenekoetan, nortasuna emoten deutso taldeari. Zuzenekoan lehenengoz ikusi gaituen hainbat lagunek aitatu deuskue Edortagaz harrituta geratzen direla.
Fidalek bere lehenengo taldea izatearen ilusino hori zabaltzen dau. Ikusi egiten jako hori, eta taldeaganako sentitzen daben maitasuna publikoangana helaraztea lortzen dau.
Inner diskoagaz hasi zenduen zuen ibilpidea. Denpora bat pasata, zelan definituko zendukie diskoa?
Etxean sortutako disko bat izanik, azkenengo proiektua baino lan gordinagoa da. Ez ditu horrenbeste ñabardura, eta abesti gehienak akustikoan defendatu daitekezan sorkuntzak dira.
Diskoa aurkezteko lanetan, bira eder bat egin zenduen. Zaragozan eta Bartzelonan eskaini zenduezan kontzertuak. Zelango esperientzia izan zan?
Lagunekaz batera asteburu pasa joateko aukera moduan bizi genduzan bidai horeek. Bagenkian ez gindoazela sala handietara, baina rock munduan geltoki bereziak diren txokoetan jo dogu. Xarma handiko tokietan eskaini ditugu kontzertuak. Talde moduan gehiago batu gintuen, eta Gernika-Lumora heltzeagaz bat, barriz bueltetako nahia sentitzen gendun.
Arrakala izenez aurkeztu dozue bigarren diskoa. Zertan desbardintzen da Innerretik?
Innerren kasuan, Fidal eta Edortak sortu eta denok batera jotako disko bat dela esan geinke. Oraingo honetan, bakotxak bere ideiak proponidu eta, danon artean sortutako lan baten aurrean gagoz. Lokalean kozinau dogun diskoa da Arrakala. Birako bidaiak be lagundu deusku prozesu horretan.
Nortasun propioa sortzen zabilzen arren, diskoak influentzia argi batzuk dituela aipatu izan dozue. Zeintzuk dira horreek?
Sintesi legez, esan geinke 90. hamarkadako Rock/Emo/Grunge musika estiloen ikutu asko dituen proiektua dala. Influentziei jagokenez, Weezerren zantzuak ditu abesti gogorragoetan, Anarirenak lasaiagoetan, edota Pedro The Lionen Control diskoarenak be bai. Lisabon ikutuak be euki leikez, baina hori oso argi ez dagoen zerbait da; batzuk baietz dinoe, eta beste batzuk ezetz.
Letrei erreparauaz, gai sakonak lantzen dituzue. Zelan sortzen dituzue?
Fidal da letrak sortzen artista, eta berak hartzen dau horren erantzukizuna. Dana dala, danok daukagu proposamenak egiteko askatasuna, eta holan egiten dogu. Disko honetan, esaterako, Musak Mario Lopezen auziaren inguruko kantu bat sortu nahi eban, eta Fidalek idazten badau be, gure ideietan oinarritzen da sortze prozesuan. Azken finean, ideia bat ekarten dogu, eta danon artean sortzen dogu azkenengo produktua. Estiloari jagokonez, Euskal Herrian ohikoa izan dan horretatik aldentzen gara. Alegia, kritikoak garen arren, letren bidez gaiak xarmagaz konteta topetan dogu. Letrak ulertzeko, bost bider irakurri behar dira, gai sozialak eta politikoak direlako askotan.
Nun egin dituzue grabaketa lanak?
Oso argi geunkan zuzenean grabautako disko bat izan behar zala. Hortik abiatuta, ez geunkan aukera askorik, izan be, Euskal Herrian ez dago aukera hori eskaintzen daben estudio askorik. Balorau gendun Iparragirre Rock Elkartean egitea, baina Musaren bidez, Urdulizera joateko hautua egin gendun. Jose Lastragaz grabau gendun Tio Pete estudioan. Bertatik pasatu dira Zea Mays, PLT edota Audience lako talde arrakastatsuak. Alde instrumentala baino ez gendun grabau beragaz, ahotsak Iparragirren grabatu nahi izan genduzan. Asteburu osoa pasa gendun Urdulizen, lo be bertan eginda. Astebete beranduago bueltau ginen rock elkartera ahotsak grabatzera, eta Edorta arduratu zan grabatzeaz, nahasteaz eta masterizatzeaz. Aholku guztiei jarraituta, hauxe izan da atara dogun lana.
Kantidadez kontzertu asko eskaini ez badozuez be, txoko ederretan ibili zarie. Zeinetan sentidu zarie gustoren?
Zortzi bat kontzertu baino ez ditugunez eskaini, ez da erreza bategaz geratzea. Aukeraketa bat egin behar izatekotan, Astran formatu biribilean eskaini gendun ha zoragarria iruditu jakun, oso eroso sentidu ginen. Lizeo Antzokian eskainitakoa be berezia izan zan. Entzuleak eserita izatea erronkatzat hartu gendun, eta benetan gustora ibili ginen. Inoiz holako eskeman ibili bakoak izan gara, eta gure musikak formatu horretan be funtzionetan ebala sentidu gendun. Bartzelonako esperientzia ha be zoragarria izan zan, ahaztuko ez ditugun momentu horreetako bat.
Etorkizunera begira, nun ikusten dozue Inner kontzertu zoragarri bat eskaintzen?
Eskaintzen dogun musika estiloa kontuan hartuta, edozein gaztetxetan joteko taldea ez garela uste dogu. Oso ondo sonorizauta egon behar dauan tokia izan behar da, eta baldintza zehatz batzuk bete behar dituena. Dana dala, orain dala gutxi Deustuko gazte lokalean jo dogu, eta betiko gaztetxe bat bada be, gustora amaitu gendun. Egia da desbardin jo gendula, izan be, nahita utzi genduzan amaierarako lau abesti kañeroenak, eta horrek sentsazino onagaz amaitzea ahalbidetu eban. Abestien ordena be testuingurua moldatu behar izaten da. Soinua asko zaintzen dogun taldea gara, eta ahal dogun guztietan teknikariagaz joaten saiatzen gara. Behar legez zaintzen ez bada, kontzertu narratsa izan daiteke. Etorkizunerako eszenatoki bat aukeratu behar izatekotan, eserlekuak dituen areto bategaz be ausartuko ginake. Baita Antzokiko Kutxa Baltzean joten be, giro berezia sortzen dalako Kafe Antzokiko goiko solairu horretan.
Zuon zalegoari jagokonez, profil zehatz bat jarraitzen dabe kontzertuetara hurbiltzen direnek?
Orokorrean, zalego anitza daukagula uste dogu. Kontzertuetara inguruko lagun asko hurbiltzen badira be, lehenengoz datozen horreek harrituta geratzen dira. Guk izandako ibilpideak taldearekiko aurreiritzi bat sortzen dau, eta entzuterakoan harrituta geratzen dira.
IPARRAGIRRE ROCK ELKARTEA
Musikazaleentzako, etxea da Iparragirre. Musika sortu, sentidu, bizi edo entzun daitekeen etxea. Danon etxea. Inner-eko kideek milaka ordu sartu dabez rock alkartean, eta momentuz, ez daukie bertatik zentimetro bat be aldentzeko asmorik.
Musika arloan, altxor bat dauka Gernika-Lumok Iparragirre Rock alkarteagaz. Zer da Iparragirre zuontzako?
Etxeko beste ate bat izatea lez da. Daborduko 22 urte daroaguz Iparragirren, eta beste familia bat sortu dogu bertan. Kuadrila baino gehiago sentitzen doguz bertako lagunak, eta guretzako ezinbestekoak dira bertako momentuak. Eskola bat izan da, jarraitzen dau izaten, eta holan izaten jarraituko dau. Edortak esaterako soinu teknikari lana egiten dau sarri rock alkartean. Ez dau lanbide hori ikasi, baina bertan egoteaz, praktiketeaz, eta militantziaz lortu dau alde hori e kontroletea.
Belaunaldi aldaketa segurtatuta al dauka rock alkarteak?
Zorionez, bai. Azkenaldian, Busturialdeko gazte talde batzuk batu dira alkartera, eta horrek aberastasuna emoten deutso komunidadeari. Hor dagoz Apocalipsis taldea, Micosis eta Erreten be, Txoriburukoak, edota beteranoak bihurtu diren Kolpeka-ko lagunak. 20 urteko aldea daukagun arren, upealako harremana sortu dogu gazteekaz, eta etenbarik gagoz eurekaz kontaktuan. Benetan polita da rock alkarteak emoten deuskuna.
Pertsonek osatzen dabe Iparragirre. Komunidade talde horretan hutsune handi bat itxi dau oin dala ez asko Arrik, eta zuok Betirarte abestia eskaini deutsazue bigarren diskoan. Zer zan Arri zuontzat?
Hain gatxa da berbaz azaltzea… Laguna baino gehiago, familia izan da. Gazte-gaztetatik ezagutu dogu alkar, eta beti izan dogu harreman berezia. Berba baten esateko, danontzako ANAIA izan da Arri. Diskoko abestirik luzeena da, 6 minutu ditu. Baina, ez dauka minutu bat be sobran. Sekulango tristurea eragiten dauan abestia da, eta jenteak aitortu deusku abesti horregaz negarrez amaitu dauala. Hori da topepan genbilzana. Gora-beherak dituen abestia da, baina bere definitzeko era ezin hobea da: batzutan goi-goian egoten zan, eta bat-batean pertsona plano bat zan. Abestiagaz negar egiten badogu be, pozik egiten dogu negar bera gogoratzean.





