Gernika saskibaloi taldeak elitean jarraituko dau Lointek babeslea galdu arren

Goi-mailako emakumezkoen saskibaloiak Malosten jarraituko dau 2026-27 denboraldian. Gernika Kirol Elkartea Saskibaloiak asteazken honetan ziurtatu dau Emakumezkoen Endesa Ligan jokatuko dauela datorren urtean be, azken hamaika urteotan taldearen babesle nagusia izan dan Lointek enpresaren laguntza galdu dauen arren.

Denboraldi zaila eta korapilatsua pasatu ostean, Busturialdeko taldeak mailari eutsi dautso liga erregularrean hamarren postuan amaitu eta gero. Guztira hamabi garaipen lortu dabez, jaitsiera marka ezartzen eben hamaika garaipenak gaindituz. Klubak ohar baten bidez Endesa Ligan egongo dela baieztatu dauen arren, oraindik ez daki nor izango dan Gerardo Candina buru dauen taldearen babesle nagusi barria.

Egoera delikatuan egon arren, klubak eskerrak emon gura izan deutsie euren babesa erakutsi daben “erakunde, babesle eta laguntzaile guztiei”. Era berean, harrobiagaz daukaten konpromisoari sendo itziko diotela iragarri dabe, Fenomenoak euren talde inklusiboagaz eta gazteenentzako bideratuta dagoen Saski Eskola proiektuagaz aurrera jarraituz.

Agur eta martxa ugari taldean

Datorren denboraldirako taldea asko aldatuko da, jada hainbat agur iragarri baitira. Duela aste batzuk klubak jakitera emon eban Lucas Fernández entrenatzaileak eta Javi Oleaga preparatzaile fisikoak taldea itziko dabela, duela hiru urte iritsi ostean.

Jokalariei dagokienez be, aldaketa handiak egongo dira jokaleku barruan; izan be, Laura Westerik herbeheretarrak, Esther Castedo galiziarrak, Emily Bessoir alemaniarrak eta Masa Jankovic serbiarrak baieztatu dabe ez dabela Gernikako elastikoa jantziko datorren denboraldian.