Gernika-Lumoko Udalak asfaltatze planaren fase barri bat esleitu dau, udalerriko bide sarea hobetzeko eta gidarien zein oinezkoen segurtasuna sendotzeko xedeagaz. Jarduketa honek guztira 176.507,01 euroko aurrekontua dauka eta aurreko urtean hasitako lanei jarraipena emango dautsie, batez ere herriko auzoetako bideak konpontzera bideratuta.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak adierazi dauenez, kaleen artapena eta mantentzea Udalaren lehentasun nagusietako bat da. Gorroñoren hitzetan, bide sarea egoera onean edukitzea ezinbesteko inbertsioa da herritarren segurtasuna bermatzeko eta egunero erabiltzen diren azpiegiturak zaintzeko. Mantentze plan honen hirugarren fasea da honako hau, trafikoaren, denboraren igarotzearen eta eguraldi baldintzen ondorioz zoladurak jasan dauen narriadura naturalari erantzuteko diseinatua. Lanen bidez, zirkulazio baldintzak hobeak izatea eta azpiegituraren bizitza erabilgarria luzatzea bermatuko da.
Asfaltatze lanak udalerriko hainbatgunetan egingo dira hemendik aurrera. Zehazki, Agirregana kalean (31 zenbakitik Juan Calzada kaleko 42ra arteko tartean), Iñigo Lopez de Haro kalean, Pedro Elejalde kalean (4 eta 8 zenbakien artean), Txorroburu kalean eta Kortezubin (biribilgunea eta ospitalea lotzen dabezan zatian) arituko dira beharginak. Horrez gain, Carlos Gangoiti kaleko 42 zenbakiaren inguruko eremua, Arane auzoa eta Lorategieta kalea (5 zenbakitik 34ra) ere erabat berrituko dira fase honetan.
Jarduketa berri honek jarraikortasuna ematen dautso iaz abian jarritako bideak hobetzeko planari. Aurreko urtean, bide-zorua berritu zen Fray Martin de Murua kalean (58 eta 66 zenbakien artean), Zigerta auzoan eta Carlos Gangoiti kalean (55 eta 55 bis zenbakien arteko tartean). Era berean, Errenteria auzoko hegoaldean ere esku-hartzeak egin ziren garai hartan, bereziki Zubialde eta Errekazarra kaleetako zorua konpontzeko.



