Eusko Jaurlaritzaren ‘Gaztemundu’ programak eta Batzen Kultur Elkartearen ‘Ateak Ireki’ ekimenak indarrak batu dabez aurten, euskal diasporako gazteei harrera egiteko eskualdean. Ekainaren 27tik uztailaren 19ra bitartean, Argentinako, Uruguaiko, Ameriketako Estatu Batuetako, Kanadako eta Australiako euskal komunitateetako berrogeita hamar gazte inguru Euskal Herrira hurbilduko dira, eta Busturialdea-Urdaibai zein Gipuzkoako Goierri eskualdeetako familiek euren etxeetan hartuko ditue egonaldian zehar. Ekimen honen helburu nagusia diasporako belaunaldi gazteen eta euskal komunitateen arteko zubiak sendotzea, euskararekiko lotura indartzea eta etorkizuneko lidergo komunitarioa elikatzea da, parte-hartzaileak euren herrialdeetan Euskal Herriko enbaxadore bihurtu daitezen.
Lankidetza sare zabal bati esker antolatu da egitasmoa, non parte hartzen duren Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Urremendi Landa Garapenak, Goieki Garapen Agentziak, Etxepare Euskal Institutuak, Maizpidek eta kanpoko Euskal Etxeen federazioek (FEVA, FIVU, NABO eta Euskal Australiar Elkartea). Egonaldiaren lehenengo astelehenean, ekainaren 29an, bi eskualdeetako taldeak Beasaingo Igartza Jauregian elkartu dira euskal dantzaren inguruko topaketa batean.
Busturialdeko taldea diasporako 28 gaztek osatzen duren (23 argentinar, 3 australiar eta 2 uruguaildar) eta Goierriko taldean beste 21 gazte egon dira. Bertan, harrera instituzionala jaso ostean eta Iñaki Goirizelaiaren hitzaldia entzun ondoren, euskal dantza tailerretan parte hartu duren egun osoan zehar, Erauskin plazako erromeriaregaz eguna amaituz.



