BBK Klima Abenturak aisialdia, kultura eta jasangarritasuna buztartuko dauz uztailerako

Busturiko BBK Klima Abentura parkeak udako eskaintza berezia aurkeztu dau uztailerako, Urdaibaiko Biosfera Erreserban natura eta kultura uztartu gura daben familiei zuzenduta. Ohiko jarduerez gain, uztail honetan zuzeneko musika, aire zabaleko zinema eta jasangarritasunari lotutako proposamenak eskainiko dira, bisita bakoitza esperientzia ezberdin bihurtzeko asmoz.

Egitaraua ostiral honetan bertan, uztailak 3, hasiko da helduentzako kontsumo arduratsuari buruzko saio bategaz. Bertan, Swap Party deitutako ekimenaren bidez, arropa eta liburuak trukatzeko aukera egongo da, eta garagardo-dastaketa bi ere egingo dira produktua beste ikuspegi batetik ezagutzeko. Larunbatean, uztailak 4, musika izango da nagusi Kontzertu Sekretuen zikloagaz, eta Maren kantautore bilbotarrak formatu intimoan abestuko dau ingurune naturalean.

Uztailaren 17, 18 eta 19ko asteburuan jarraituko dau programazioak. Montana taldearen emanaldia egongo da, eta umeentzako Swap Party bat ere antolatuko da, jolasen bidez ekonomia zirkularraren balioak ikas ditzaten. Igandean, uztailak 19, udako zinema-saioa egongo da aire zabalean Ice Age filmagaz. Horrez gain, Juan Mari Lazkano artistaren Natura Fugit erakusketa eta itsas kutsaduraz kontzientziatzeko Ulysses Experience ekimena ikusgai egongo dira parkean.

Jarduera guztiak BBK Klima Abenturarako sarreraren prezioan sartuta dagoz, eta informazio zehatza zein erreserbak webgune ofizialean eskuratu ahal dira