Bermeoko Udalak eta UEMAk ‘Bertatik bertara’ kanpaina jarri dabe martxan turismoan euskerearen erabilerea indartzeko

Bermeoko Udalak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateagaz (UEMA) lankidetzan, ‘Bertatik bertara’ ekimena abiarazi dau aurten be herrian. Kanpaina honen helburu nagusia euskarak turismo eta ostalaritza sektorean daukan berezko garrantzia agerian iztea eta bisitarien zein herritarren artean gure hizkuntzaren erabilerea bultzatzea da.

Egitasmo honen barruan, datozen egunotan mahai-gaineko bereziak banatuko dira Bermeoko taberna eta jatetxeetan. Material hauen bidez, kanpotik datozen turistei erakutsi nahi jake euskara gure nortasunaren eta kulturaren funtsezko zutabea dela. Era berean, bisitariak gure hizkuntza entzutera, ezagutzera eta euskarazko lehen hitz batzuk esatera animatu nahi dira, herriko txokoetan hizkuntza bizirik dagoela senti daigun.

Udalak azpimarratu dauenez, berebiziko garrantzia dauka ostalaritzako langileek eta arduradunek bezeroei lehen agurra eta lehen hitza euskaraz egiteak, eta hizkuntza dakitenekaz euskara hutsean aritzeak. Zentzu horretan, erakundeek eskerrak emon nahi dizkiete Bermeoko zerbitzu sektorean ahalegin hori egiten ari direnei, kontuan hartuta gainera langile eta arduradun batzuk euskara ikasten hasi berriak direla eta konpromiso handia erakusten ari direla gure hizkuntza bezeroengana hurbiltzeko.

Ostalaritzako neurriez gain, Bermeoko Turismo Bulegoak be bat egin dau kanpainagaz, eta bisitarien eskura jarri dauz euskarara hurbiltzeko oinarrizko hiztegiak. Ekimen honen arduradunen ustez, euskara partekatzea biderik zintzoena eta politena da kanpoko jendea gure herrira, gure kulturara eta gure izaerara gerturatu daiten.