Mundakako Udaletxe aurreko plazak euskal herri kirolen hitzordu garrantzitsu bat hartuko dau datorren domeka honetan, uztailak 5. Ekitaldia “Urdaibai gure kirolak sustatzen” ekimenaren barruan kokatzen da, eta bere helburu nagusia herri kirolak herritarrengana hurbiltzea eta gure kirol tradizionalen balioa zabaltzea da, eskualdeko nortasuna indartuz.
Saioa eguerdiko 12:30ean hasiko da, eta maila handiko kirolariak bilduko dauz herriko plazan. Ikusleek bertatik bertara jarraitu ahal izango dabe diziplina desberdinetako euskal elitaren lana; bertan egongo dira, besteak beste, Zihara Zabala, Julen Larrea, Inhar Urruzuno, Leire Astoreka, Leire Olea eta Aitzol Atutxa. Guzti honeek aizkora, harri-jasotzea eta tradizino handiko beste herri kirol batzuen erakustaldi gogoangarria eskainiko dabe.
Ekitaldi hau familia osoari zuzendutako jarduera legez planteau da, belaunaldi barriek gure herriaren sustrai eta kirol tradizionalak ezagutzeko aukera izan daien.



