Heldu da uda eta hasi gara alkarri oporrei buruzko galderak egiten. Danok jakin gura dogu ondokoa nora doan, eta aitatu deuskun leku horretan zer dagoan. Umeak be hasiko dira Sukarrietara, bertso-udalekuetara, Zuhatzara, english campera edo dana dalako destinoetarako maletak egiten. Mundu guztiak joan gura dau hara edo hona. Herrian geratzen direnak inuzenteak balira legez sentiarazten doguz askotan bidaiatzeko behar inposatu honen ondorioz. Inposatua, bai. Bidaiatzea gauza ederra da, baina ez dot uste behar bat danik. Baten batek sinestu eragin deusku, deskonektetako derrigor joan behar dogula urrunera eta hori ez da beti holan. Egia da, kezkatzen gaituenaren eta norbere artean kilometroak ipinteak asko laguntzen dauala, baina beharrezkoak oporrak dira. Oporretan hegazkina hartu ahal izatea gitxi batzuen pribilejioa da. Gitxi batzuena, bai. Bestela gurera datozen asko, ez lirateke pateretan etorriko.
Konparazino txarra dala pentsauko dabe askok, baina mogimendu librea utopia da munduko herrialde askotan, eta gure lagun batek beti esaten dau gure bizitzetan pentsetan dogunean, guk egiten doguna zenbat jentek egin leiken pentsau behar dogula. Erantzuna bada, mundu mailan jente gitxik egin leikela guk egiten dogun hori, orduan, ulertu behar dogu europar zuriak izateak emondako pribilejioetako baten ganean berbetan gabilzala. Izan be, danok bizi gara eroso gure posizinoak emoten deuskuzan abantailei helduta.
Edozelan be, esan nahi neban derrigorra ez dala hara edo hona joatea. Gitxiago karbono arrastoak asko arduratzen gaituenean. Ze, halan dinogu danok inkestetan: klima aldaketak kezkatu egiten gaituela. Hori ondo dago, baina gure hipokresia maila handia da: klima aldaketak kezkatu egiten gaitu, baina ez dogu gure eskuetan dagoenik egin nahi gelditzeko. Ez, jakina. Badakit gure bidaia batek ezin dabela ezer konpondu. Baina urtean ez dakit zenbat zubitan eta asteburutan hegazkina hartu beharrean, bakotxak behin hartuko bagendu? Ez dakit noraino kotxean joan beharrean danok trenean joango bagina? Oporretan ez bagendun derrigorrez 2000na kilometro egingo? Asko gara hara-hona gabilzanak eta asko dira gurera datozenak.
Eta gurera datozenek sortu leikien plaga ikusten hasi garen garai nahasi honetan, jakin behar geunke geu be halakoxe plaga garela beste leku batzuetan. Ez. Ez dot esan nahi oporretan ez dogula joan behar. Ez dot esan nahi oporretan bidaiatzen dogunok daukagula klima aldaketaren errua. Esan nahi dodana da urrunera joatea ez dala behar bat, aukera bat baino. Gurera etorten diren turistentzat aukera bat baino ez garen moduan. Mila aukeraren artean bat. Eta aukera horren barruan bidaiatzeko modu asko dagoz, bakotxak dauka berena. Horren ganean pentsau behar dogula dinot bakarrik. Neuk be bai, eta zeuk be bai. Zertarako eta nora joaten gara egun libreak daukaguzanean? Zenbat aldiz lortu dogu oporretan lasaitzea gauzak ikusi beharraren ikusi beharraz? Ze zentzu dauka beste mila lagunek ikusi dabelako eguzkia sartzen ikustera hemendik milaka kilometrora joateak? Ze zentzu dauka Gernika etxebizitza turistikoz betetzeak beste leku batzuetan pasau direnak ikusita? Bariku gabaz Loiutik urten eta domeka gabaz Loiura bueltetan danak zenbat ikusi dau Londres, Paris edo Sevilla?



