Itsasoaren osasuna zaindu eta kontzientzia zabaltzeko helburuagaz, ‘Zero Zabor Uretan’ kanpaina geldialdia egingo dau Bermeon uztailaren 7tik 10era bitartean. MATER ontzi museo ekoaktiboak bultzatutako ekimen honek herritarrak aktibatu gura dauz gure kostaldeko ingurumena babesteko, Artza frontoiaren aurrean eta Lamera parkean egingo diran jarduera desberdinen bidez.
Uztailaren 7an, martitzenegaz, emongo jako hasiera egitarauari arratsaldeko zazpietan Artza frontoian egingo dan Itsas Erraldoien Martxalagaz. Hurrengo egunetan, uztailaren 8an eta 9an, herritarrek ontzi museoa barrutik ezagutzeko aukera izango dabe ordutegi zabalean, eta Lamera parkean Itsas Zaindari Gunea jarriko da martxan jolas eta dinamika desberdinakaz itsasoaren egoeraz jabetzeko.
Ingurumenarekiko konpromiso zuzena erakusteko une garrantzitsuak ere egongo dira. Eguazten arratsaldean hondakin bilketa herritarra egingo da Lamera parkearen inguruan, eta eguenean sormen birziklatze tailerra eta ‘Zero Zabor Uretan’ topaketa nagusia burutuko dira, herriko eragile eta bizilagunen arteko hausnarketa bultzatzeko. Amaiera emoteko, uztailaren 10ean, ostiral goizean, nabigazio berezia antolatu da Bermeotik Ondarrura joateko, itsasbidaiaz gozatu eta proiektuari babesa emoteko.
Jarduera gehienak doakoak dira, baina antolatzaileek jakinarazi dabe ezinbestekoa dela aurretik lekua erreserbatzea itsasoaren alde jarduteko.
Horretarako, herritarrek info@mater.eus posta elektronikoaren bidez edo 619 81 42 25 telefono zenbakira deituta emon ahal dabe izena.



