Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor jaialdiak indartsu ekingo deutso bere bideari aurten. Uztailaren 11tik abuztuaren 15era bitartean, Busturialdeko sei udalerrik goi-mailako hamar kontzertu hartuko dabez , baina 22. edizio honek badauka herritarrentzat berrikuntza benetan berezi bat: Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organo zaharberritua lehen aldiz entzun ahal izango da jaialdian.
Ondare biziari ahotsa ematen
Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko tresna historiko hau Aquilino Amezua y Cía. etxeak eraiki zuen 1910ean. Eusko Jaurlaritzak berriki zaharberritu ostean , uztailaren 11ko inaugurazio-kontzertuan berriro entzuteko aukera egongo da , bere jatorrizko egitekoari helduz.
Aurkezpenean azaldu dabenez, eskualdeko organo-ondarea ez dago geldirik. Une honetan bertan, Bermeoko San Frantzisko elizako organoa, Muxikako San Bizente Martiria elizakoa eta Arratzuko harmoniuma zaharberritzen ari dira , ondarea babesteko eta herritarren eskura jartzeko ahaleginari jarraipena emanez.
Kontzertuak eta “Urdaibaiko Soinuak” erakusketa
Jaialdiak musika programazio zabala eskaintzeaz gain , “Urdaibaiko Soinuak” erakusketa dakar aurtengoan. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan egongo da ikusgai , eta Lope Alberdi Recalde Gautegiz Arteagako organogile maisuaren ibilbidea izango dau ardatz. Erakusketa uztailaren 21ean inauguratuko da.
Hona hemen aurtengo musika egitarau osoa:
-
Uztailak 11 (19:30): Gernika-Lumoko Santa Klara komentuari hasiera emango diote Patxi García Garmillak eta Mikel Ansolak.
-
Uztailak 12 (20:00): Gautegiz Arteagako Andra Mari elizan, Benantzi Bilbao.
-
Uztailak 18 (20:00): Mundakako Andra Mari elizan, Steffano Pellini.
-
Uztailak 24 (20:00): Kortezubiko Santiago Apostolua elizan, Jesús Pérez Aznárez (harmoniuma) eta Francisco Egido (tenorra).
-
Uztailak 25 (20:00): Gernika-Lumoko San Bartolome elizan, Giovanni María Perruci.
-
Uztailak 26 (20:00): Axpe-Busturiako Andra Mari elizan, Ana Belén García.
-
Uztailak 31 (20:00): Gernika-Lumoko Andra Mari elizan, Willibald Gugenmoss.
-
Abuztuak 1 (20:00): Arratzuko Santo Tomas elizan, Giulio Gelsomino eta Víctor Cruz (baritonoa).
-
Abuztuak 8 (20:00): Axpe-Busturiako Andra Mari elizan, Susana García Lastra eta Ruth Rosique (sopranoa).
-
Abuztuak 15 (20:00): Mundakako Andra Mari elizan, Javier Artigas, Benantzi Bilbao, Iosu Sorriketa, Arantza Fernandez eta Lapse Mundaka taldea.
Horrez gain, abuztuaren 13an (19:00) mahai-ingurua egingo da Euskal Herria Museoan, Patxi García Garmilla, Aitor Olea, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas hizlariekin.
Informazio eta xehetasun guztiak www.uoje.org webgunean edo jaialdiaren sare sozialetan daude eskuragarri.



