Busturialdeko langabetuen erdiak baino gehiagok lana aurkitu dau Lanbide Ekimenak zentroari esker

Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenak enplegu orientazio zerbitzuak datu bikainak itzi dauz mahai gainean. 2023 eta 2025 urteen artean, artatutako pertsonen % 51,71 laneratu da Busturialdean. Datu hau aurreko aldian (2021-2023) lortutako % 47,04aren gainetik dago, zerbitzuak emondako laguntza pertsonalizatuaren eraginkortasuna argi erakutsiz.

Azken bi urteotan pertsona gutxiago artatu badira be (293 herritar guztira), laneratze datuak hobetu egin dira. Gakoa itinerario indibidualizatuetan egon da, erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako 609 orientazio-ordu baino gehiago eskainiz.

“Laneratze bakoitzaren atzean istorio pertsonal bat dago. Emaitza honeek erakusten dabe arreta indibidualizatuak enplegurako aukerak hobetzen dituela eta Busturialdeko garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen diola”, azaldu dau Jon Lejarraga Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.

Emakumeak eta etorkinak, profil nagusiak

Zerbitzua erabili daben herritarren profilak argi erakusten dau eskualdeko lan-merkatuaren errealitatea:

  • Emakumeak nagusi: Artatutako 293 pertsonetatik, 188 emakumeak izan dira (% 64,2) eta 105 gizonak (% 35,8).

  • 45 urtetik gorakoak: Kolektiborik ugariena 45 urtetik gorako emakumeena izan da, 115 erabiltzailegaz.

  • Etorkinak: Jatorri etorkineko 101 pertsonari emon zaie laguntza, hau da, guztizkoaren % 34 inguru.

Lanbide Ekimenak zentroak ez dauz bakarrik lan-eskaintzak helarazten; curriculumak eguneratzen, hautaketa-prozesuak prestatzen eta konfiantza indartzen laguntzen dau, eskualdeko langabetuen enplegagarritasuna eta motibazioa hobetzeko.