Gernika-Lumoko Andra Maria eliza udan zabalik egongo da herriko ondare historiko eta artistikoa ezagutzera emoteko

Gernika-Lumoko ondare historiko eta artistiko handienetako bat hurragotik ezagutzeko aukerea egongo da uztail eta abuztuan zehar. Turismo Bulegoak bisitariari arreta emoteko zerbitzua jarriko dau martxan, Andra Maria elizako ateak zabalduz. Bisitak astelehenetik barikura egin ahal izango dira, goizeko 11:00etatik 13:30era, bai herritarrentzat eta bai kanpotik datozenentzat.

Ekimen honen helburua herriko historian garrantzi handia izan dauen baina askorentzat oraindik ezezaguna dan ondare hau ezagutzera emotea da. Bisitariak bere kabuz ibili daitezan, Turismo Bulegoak 5.000 gida-liburuxka argitaratu ditu lau hizkuntzatan: euskereaz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.

Bost mendetako historia eraikin bakarrean

Andra Maria elizaren eraikuntza XV. mende erdialdean hasi eta hirurehun urte baino gehiago luzatu zan. Horregaitik, arkitekturan estilo gotikoak, pizkundekoak eta barrokoak egiten dabe bat, herriaren bilakaerearen erakusgarri.

Bisitan elixako elementu garrantzitsuenak ikusi ahal izango dira, besteak beste:

  • Albiztarren hilobia eta San Jose zein San Roke irudiak.

  • San Joan kaperea, 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan kaltetua izan zana.

  • Kanpandorrerik ez izatearen zergaitia, Gernika eta Lumoren arteko muga-gatazkak argitzen dituena.

Horrez gain, ibilbideak hiru audiogida puntu daukaz. Horreetako bik eraikinaren txokorik berezienak azaltzen dabez, eta hirugarrenak E. F. Walcker alemaniar etxeak 1889an eraikitako organo erromantikoaren soinua entzuteko aukerea emoten dau, elixeak gaur egun gordetzen dauen altxorrik baliotsuenetako bat.

Plan hau Astrako babesleku antiaereogaz osatu daiteke, herritarrei zein kanpokoei Gernikako nortasunaren eta historiaren parte dan elixe hau barriro deskubritzeko aukera bikaina emonez.