Foruko San Kristobal jaiak uztailaren 10ean, barikuan, hasiko dira urteroko hitzordu garrantzitsuenetariko bategaz. Egun horretan, eguerdiko 13:00etan meza santua ospatuko da San Kristobal ermitan, eta elizkizuna amaitu ostean, bertaratutako guztientzat hamaiketako herrikoi bat eskainiko da giro onean hasteko.
Jaietako egun handia zapatuan, uztailaren 11n, helduko da gastronomiari eta gazteentzako ekitaldiekin. Goizeko 12:00etan emongo jako hasiera V. Paella Txapelketarako izen-emoteari, eta sukaldariek bi ordu eukiko dabez euren platerik onenak prestatzeko, 14:00etan paellen aurkezpena eta sari banaketa egingo dira. Arratsaldean ekintzek jarraipena izango dabe, 15:00etan umeen jolasak eta herriko joko tradizionalak antolatu baitira belaunaldi desberdinak alkartzeko, eta eguna amaitzeko, 17:00etatik aurrera Xaibor diskofestak jarriko dau musika eta erritmoa plazan.
Asteburuko ospakizunak uztailaren 12an, domekan, amaituko dira tradizioari eta euskal kulturari tartea eginez. Eguerdiko 12:30ean meza nagusia izango da, eta ondoren, Urdaibai Dantza Taldeak euskal dantza erakustaldi berezia eskainiko dau, Foruko San Kristobal jaiei amaiera bikaina emonez.



