Gernika-Lumoko kaleek arteari txoko barri bat eskainiko deutse uda honetan, herriko txokorik esanguratsuenetako baten historia eta nortasuna goraipatzeko. Lan ikusgarri honegaz, Errenteria auzoko eraikin baten alboko fatxada erabat eraldatuko da, herriko ondarea eta herritarren izaera batuko dauzen artelan erraldoi bihurtuz. Gernika-Lumoko Udalaren eta Arteskola elkartearen arteko lankidetzeari esker, bi ikaslek ekingo deutse laster lanari, herriko txokoak edertu eta sorkuntza kulturala guztiongana hurreratzeko helburuagaz.
Artelana Errenteria auzoko eraikin baten horman egingo da, Merced ikastetxeko eremutik bista-bistan geratuko den lekuan, eta 255 metro koadroko azalera hartuko dau, hau da, 15 metroko zabalera eta 17 metroko altuera. Lanek bi hilabete inguru irautea aurreikusten da, eta dena ondo bidean, abuztu amaieran amaituko dabe, auzoko jaiekin batera inauguratu ahal izateko. Proiektu honek, herriko txokoak biziberritzeaz gain, formatu handiko lanetan parte hartzeko aukera paregabea eskaintzen deutse herriko sortzaile gazteei.
Muralaren oinarria Julen Munitis artista gernikarraren diseinu bat da, eta Arteskolan hazitako bi sortzailek eukiko dabe zirriborro hori hormara eroateko ardurea. José María Gorroño Gernika-Lumoko alkateak argi itzi gura izan dau ekimen honen garrantzia, eta adierazi dauenez, “mural honi esker herriko historiaren zati garrantzitsu bat berreskuratuko da ikusmenaren bidez, eta gainera, bertoko talentoari esker egingo da”. Alkatearen ustez, espazio publikoak “nor garen eta nondik gatozen be kontatu behar dau, ingurua edertzeaz gain nortasun kolektiboa sendotzen duelako”.
Ikusizko ibilbide honek Gernika-Lumo eta antzinako Errenteriako jatorrira garraiatuko gaitu, itsasadarrari lotutako portu eta merkataritza gune indartsu hura gogora ekarriz. Konposizioak Urdaibaiko paisaia eta herriko lehen hiri-guneak gogorarazten dabezan eraikin historikoak erakutsiko dauz. Horrez gain, gure kulturaren sinbolo handiak be agertuko dira bertan, hala nola jantzi tradizionalakaz jantzitako emakume baten irudia eta eszena osoa babestuko dauen arbola handi bat, gure lurraldearen ikur nagusi moduan.



