Bermeo eta Gaztelugatxe oinezkoentzako bide bategaz lotu dauz Aldundiak, Madariko pasabide barriari esker

Bizkaiko Foru Aldundiak amaitutzat emon dauz kostaldeko oinezkoentzako ibilbidea egituratzeko lanak, Madari errekako pasabide barria inauguratuta. Azpiegitura honi esker, Gaztelugatxe eta Bermeo lotzen dabezan bideari jarraipen zuzena emon jako, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bihotzean ingurumen-inpaktua gutxitzen dauen ingeniaritza-soluzio bategaz.

Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru-diputatuak eta Nadia Nemeh Bermeoko alkateak ostiral honetan zabaldu dabe ibilbideko zati barri hau. Obrak 2024ko azaroan hasi ziren eta Next Generation Europako funtsei esker finantzatu ahal izan dira, azken inbertsioa 1.123.618 eurokoa izan delarik. Zenbateko hori hasieran aurreikusitakoa baino handiagoa da, zimenduetan topatutako zailtasun geoteknikoek proiektua egokitzera behartu baitzuten lanen fasean.

Kostaldeko bidezidorra Sollubemendiko pinudian barneratzen den lekuan kokatuta dago pasabide barria, Matxitxako lurmuturra inguratu eta Erleko Puntako begiratokirantz doan tartean. Azpiegiturak 70 metroko luzera eta bi metroko zabalera dauka, eta errekaren gainetik 20 bat metrora dago eskegita. Kokapen honek inguruko basoaz zein egituraren azpiko ibilguaz gozatzeko aukera eskaintzen die ibiltariei.

Eremuaren ingurumen-balio handia dela eta, Madari erreka Urdaibaiko Ibai Sarearen Kontserbazio Bereziko Eremuan dagoelako, Aldundiak ibilguan euskarririk ez jartzea erabaki dau. Egitura osoa bi ertzetako muturretan bermatzen da, naturagune babestuaren gaineko eragina ekiditeko. Gainera, paisaian integratzeko, Corten altzairuzko barandak eta egurrezko zoladura erabili dira, inguruko basoaren tonuekin bat eginez eta hezetasunari aurre egiteko tratamendu gehigarririk behar izan barik. Atutxak azpimarratu dauenez, soluzio honek erabat bateragarri egiten dauz naturaz gozatzea eta Bizkaiko enklabe baliotsuenetako bat zaintzea.