Bermeoko naturaz eta paisaiaz gozatzea herritar zein bisitari askoren ohiko plana da, baina ingurune horiek egoera onean mantentzeak denon konpromisoa eskatzen dau. Errealitate honen aurrean, Bermeoko Udalak kontzientziazino panel berriak jarri dauz Demiku auzoan eta Gazteluko begiratokian, ingurua errespetatzeko eta garbi mantentzearen garrantzia gogorarazteko asmoz.
Espazio hauek Bermeoko ondare natural zein kulturalaren parte garrantzitsuak dira, herritarrei eta kanpokoei atsedenerako eta naturagaz bat egiteko aukera paregabea eskaintzen dautsienak. Hala ere, azken aldiko erabilera okerrak ekiditeko eta gune hauen balioa nabarmentzeko, seinaleztapen berri honek herritarren eta bisitarien inplikazino zuzena bilatzen dau. “Bermeo zaintzea guztion esku dago” mezuari jarraituz, norberaren jokabideak ingurunean dakarren eragina gogoratu nahi da.
Udaletik azpimarratu dabenez, keinu txiki bakoitzak —hondakinak dagokion lekura botatzeak edo bertako flora eta fauna errespetatzeak— alde handia egiten dau gure ingurune naturalaren jasangarritasunean. Helburua ez da soilik gune honeek txukun mantentzea, baizik eta etorkizuneko belaunaldiek be paisaia eta ondare hauetaz gozatzeko aukera izatea bermatzea.



