Gaur da hitzordua Haziberri festibalagaz Europako Herrien parkean

Gaur bertan, uztailak 15, Haziberri festibalaren seigarren edizioa hartuko dau Gernikako Europako Herrien parkeak.

Hiru belaunaldi, hiru estilo eta ikaragarrizko magia elkartuko dira gure paraje zoragarri honetan. Emozioak zintzotasunez eta gertutik transmititzeko kapaz diren artistak egongo dira.

Luxuzko kartela

Aurten ere, Haziberrik sekulako maila erakutsi dau kartelagaz. Hiru proposamen artistiko oso berezi izango dira gaur iluntzean:

    • Sílvia Pérez Cruz: Gaur egungo ahots berezi eta errespetatuenetakoa da. Estilo mugarik gabe, flamenkoa, folk mediterraneoa, jazza, fadoa eta klasikoa modu naturalean uztartzen dauz. Bere konpromiso artistikoa eta sentiberatasuna ikaragarriak dira.

    • Gari & Maldanbera: Ezinbesteko erreferentea euskal musikan. Hertzainak taldeagaz belaunaldi oso baten soinu-banda idatzi ostean, bakarkako 30 urteko bide pertsonal eta intimista ospatzera dator..

    • Esanezin: Ianire Aranzabek gidatutako pop proiektu gaztea. “Esanezin” diren sentimenduei ahotsa jartzeko sortua. Bere azken lana, Hormetan Idazten, bizitzaren efimerotasunari buruzko unibertso poetiko ederra da.

Kontzertuen ordutegia (Gaur, uztailak 15)

1.Ateak irekitzea:18:00etan.

Europako Herrien parkeko ateak irekiko dira jendea sartzen hasteko.

2.Esanezin:Lehenengo kontzertua.

Ianire Aranzaberen proiektuak emango jako hasiera jaialdiari atsedengunean, giro hurbil eta goxoan.

3.Gari & Maldanbera:Kontzertu gunea zabaltzea.

Behin kontzertu guneko ateak zabalduta, Gariren taldeak bere ibilbide luzeko kantu zintzoak eskainiko dauskuz.

4.Sílvia Pérez Cruz:Gauari amaiera emateko.

Gaua heltzeagaz batera, kataluniarraren ahots paregabeak eta doinu bereziek emango dautsie amaiera borobila seigarren edizio honi.

 

Jasangarritasuna eta herri-sarea ardatz

Haziberri ez da soilik musika jaialdi bat; herriko jendearen eta elkarteen arteko lankidetza sare sendo baten emaitza da. Boluntarioak, teknikariak eta babesleak elkartzen dira hau guztiau aurrera ateratzeko.

Gainera, aurten ere Erronka Garbia ziurtagiria izango dauka jaialdiak. Ingurune naturalera moldatzen da, ez alderantziz, jasangarritasun neurri zorrotzekin.

Dabid Zelaiari esker ona: Haziberri jasangarria izateko bidean, mila lagunentzako jan-edan eskaintza gure baserritarrekin egitea erabaki genduen hasieratik. Hori posible izan da, hein handi batean, Baserritik Gernikara elkartean buru-belarri ibili zen Dabid Zelaiaren lanari eta gertutasunari esker. Bere memoria gurekin egongo da gaur. Eskerrik asko guztiagatik, Dabid!