Gernika-Lumok euskararen inguruko baliabide guztiak batzen dabezan webgune barria aurkeztu dau

Gernika-Lumoko Udaleko Euskera Arloak urrats garrantzitsua egin dau hizkuntzaren sustapenean, www.gernika-lumo-euskaraz.eus domeinua martxan jarrita. Plataforma barri honek herritarren eskura jartzen dauz, leku bakar batean eta modu intuitiboan, euskararen normalizazinoagaz zerikusia daben zerbitzu, laguntza, argitalpen eta baliabide guztiak. Egitasmoaren helburu nagusia da informazinoaren sarbidea erraztea, herritarrek, ikastetxeek, merkatariek eta enpresek euren beharrizanei erantzun azkarra emoteko.

Webgunearen edukiak askotarikoak dira eta guztientzako egokituta dagoz. Besteak beste, euskerea ikasteko dirulaguntzak, sustapen proiektuetarako deialdiak eta udalaren politika linguistikoa arautzen daben dokumentu estrategikoak kontsultatu daitekez bertan, 2023-2027 Plan Estrategikoa tarteko. Horrez gain, Hitzargune programaren bidez, enpresek eta entitateek euren jardunean euskerea txertatzeko beharrezkoak diran tresnak izango dabez eskura, eta aisialdiari, kirolari edo kulturari lotutako baliabideak ere batu dira.

Udalak aniztasunaren alde egindako apustua azpimarratzekoa da atal honetan. Webguneak atal berezi bat dauka errumanieraz, Gernika-Lumon bizi dan komunitate garrantzitsuenetariko bati zuzenduta. Atal honen bidez, euskerearen zerbitzua zer dan eta zer eskaintzen dauen azaldu nahi jake hizkuntza hori daben bizilagunei, hizkuntzaren ateak danentzat zabalduz eta integrazino prozesua erraztuz.

Azkenik, plataformak Euskera Arloaren barne-egitura ere erakusten dau. Herritarrek orain argi eta garbi identifikauko dabe zerbitzua osatzen daben profesionalak, zein lan-ildo garatzen diran eta kudeaketa-planak zeintzuk diran. Udalak tresna digital honegaz herritarren eta erakundearen arteko komunikazinoa indartu nahi dau, euskerearen erabilera eguneroko bizitzan sustatzeko baliabide guztiak eskura jarriz.