Badator urteroko hitzordurik itxarongarrienetako bat Busturialdera. Foruko San Inazio jaiak hemen dagoz ate-joka, eta aurten be herria ekintzaz, musikaz eta euskal kulturaz beteko daben egitarau potoloa prestatu dabe herritar eta bisitari guztiek gozatu deien.
Uztailaren 18tik abuztuaren 2ra bitartean, adin guztietarako planak egongo dira Foruko kaleetan barrena. Aurten be, herriko taldeek eta elkarteek lan itzela egin dabe jai hauek aurrera ateratzeko, betiko tradizioei eutsi eta indar barriagaz loratzeko.
Txikiteratatik hasi eta dantza doinuetara
Jaiak motorrak berotzen hasiko dira uztailaren 18an, zapatuan, Txikiter@ egunagaz. Eguerdiko 12:00etan botako da txupina, eta ostean poteo herrikoia egongo da tabernaz taberna. Eguneko plater nagusia Dantzarien plazan egingo dan bazkari herrikoia izango da, eta jaiak aurrera jarraituko dau DJ Aronen eskutik.
Hurrengo asteburuan, uztailaren 24an, barikuan, Urdaibai Dantza Taldeak bere urteurren afari berezia ospatuko dau Foruko Tabernan. Kirolzaleek be badabe euren lekua, uztailaren 30ean pala txapelketako final handia jokatuko baita arratsaldeko 19:00etan.
San Inazio eguna eta asteburu nagusia
Uztailaren 31n, barikuan, San Inazio egun handian, herria goizetik esnatuko da txistularien dianagaz. Meza nagusiaren ostean, Amaia Uribek botako dau txupinazioa eta Urdaibai Dantza Taldeak Erregelak eskainiko ditu. Arratsaldean, nazioarteko ukitua izango dogu Doina Ilfovului Errumaniako dantza taldearen eta Urdaibai taldearen saioagaz. Gaua borobiltzeko, Txapela Brava eta musika indartsua egongo da: Alarma Morea, Burutik eta DJ Lustre Labana.



