Obrak irailean hasiko dira eta Paselekuko eraikin historikoa XXI. mendeko irakurketa-espazio zabal, irisgarri eta moderno bihurtuko dabe. Jose Antonio Arana Martija gernikar euskaltzain eta ikertzailearen izena eroango dau.
Pasealekuko eraikin esanguratsuenetako baten eraldaketak badauka datarik. Gernika-Lumoko liburutegi barria irailaren hasieran hasten hasiko da forma hartzen eta, aurreikusitako epeak betetzen badira, datorren udan zabalduko dauz ateak dek hileko obren ostean.
Udalak Construcciones Castellano S.A. enpresa bilbotarrari esleitu dautso proiektuaren gauzatzea. Etxe hau eraikin historiko eta patrimonialen zaharberritzean espezializatuta dago, eta esku-hartze zehatza zein zaindua egingo dau, babestutako higiezina baita, Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo izendatua. Lanek 1,5 milioi euroko aurrekontua izango dabe, eta enpresak obren epea bi hilabetez murrizteko konpromisoa hartu dau, lizitazioan funtsezkoa izan den hobekuntza.
Esku-hartzeak oso-osorik errespetatuko dau Paselekuko eskola publiko zaharren hegoaldeko blokearen kanpoko egitura. Eraikin hau 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ostean zutik geratu zen gutxienekoetako bat da, eta horregatik dauka hain balio sinboliko handia gure herrian.
Historia daukan ondarea, etorkizunera begira
Udal ekipamendu barriak Jose Antonio Arana Martija Gernika-Lumon jaiotako liburuzain, euskaltzain eta ikertzaile handiaren izena eramango dau, euskal kultura-ondareari egindako ekarpenagatik.
Liburutegi barriak egungoaren azalerak hirukoiztu egingo dau, guztira 715 metro koadroko eremu erabilgarria lortuz. Moest Sociedad Microcooperativa estudioak eta Saioa Lafón Los Arcos arkitektoak sinatutako diseinuak espazio gardena proposatzen dau, eraikina mutur batetik bestera zeharkatuko duen irakurketa-areto luzera handi baten inguruan antolatuta.
Argia naturalak eta Paselekuko ikuspegiak garrantzi handia izango dabe. Zerbitzu-eremuak eta komunikazioak hegoaldeko fatxadari atxikitako pieza bakar baten bilduko dira, altzari handi modura diseinatuta. Modu honetan, gainerako espazioa libre geratuko da erabiltzaileen erosotasuna bermatzeko.
Irisgarritasuna hobetuko dauan igogailu publikoa
Proiektuaren alderdi azpimarragarrienetako bat erdialdeko bolumenean kokatuko den komunikazio-nukleo barria da. Erabateko irisgarritasuna bermatzeaz gain, Paselekua eta Seber Altube anfitroia zuzenean lotuko dituen igogailu bat jarriko da. Elementu honek hiriko igogailu moduan ere funtzionatuko dau, Juan Calzada eta Allende Salazar kaleen arteko oinezkoen mugikortasuna nabarmen erraztuz.
Horrez gain, fatxadako jatorrizko hutsuneak berreskuratuko dira eta plazako frontoia leku berrian kokatuko da, lanak amaitutakoan bere usadiozko erabilera mantenduz.
Aro barri honetan, arkitektura garbia eta denboran irauteko bokazioa duen diseinua gailenduko dira, udalerriko kultura-azpiegitura nagusietako bat bihurtzeko prestatuta dagoen gune ireki bat eskainiz.



