Bermeok Izarogaz daukan hitzordurik bereziena barrituko dau Madalen Egunean

Bermeok urteko egunik esanguratsuenetako bat bizi dau gaur. Herriak barriro be bat egin dau bere historia, itsasozale izaera eta belaunaldiz belaunaldi bizirik dirauen tradizinoagaz, Izaro uhartea erdigune dauen Madalen Egunean. Emozinoak, jai giroak eta protokoloak bat egin dabe berriro be bermeotarren nortasunaren ikur nagusian.

Egunari hasiera emoteko, Nadia Nemeh Shomaly alkateak gogorarazi dau data hau ez dela ohitura bat betetzera mugatzen, herri baten memoria eta balioak urtero berritzeko eguna dela baizik. “Tradizio baten indarra iragana, oraina eta etorkizuna lotzeko duen gaitasunean dago”, azpimarratu dau, elkartasuna Bermeoren oinarrizko balio modura aldarrikatuz.

Alkartasuna ardatz dauen teila eta lau elkarteei omenaldia

Aurtengo teila bereziak “Alkartasunien ospatuz” leloa daroa, Benito Barrueta Arte Elkartearen eskutik sortua eta Rosa Mari Gabantxok akrilikoaz margotua. Udalak urteurren esanguratsuak betetzen dabezan herriko lau elkarte kultural omentzeko erabili dau gaurko ekitaldia:

  • Alkartasuna Dantza Taldea (50. urteurrena).

  • Bermeoko Erraldoien Konpartsa (20. urteurrena).

  • Bermeoko Abesbatza (70. urteurrena).

  • Benito Barrueta Arte Elkartea (75. urteurrena).

Lau erakundeotako ordezkariak udal korporazinoagaz batera ontziratu dira Izarorantz, ohiko protokoloa bertatik bertara bizitzeko.

“Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak”: Itsasoan goian egonda, alkateak urtero modura teila uretara jaurti dau Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden muga historikoak berretsiz.

Hilario Aurtenetxerik eginiko 40 urteko ekarpenari aitortza

Izaro bidea hartu aurretik, Bermeoko Udalak esker onak emon deutso Hilario Aurtenetxe Mentxakari. Azken 40 urteotan, urtez urte, Izarora joan da Bermeoko bandera eta ikurrina jasotzeko ardura bere gain hartuz teila jaurti aurretik. Udalak oroigarri bat emon deutso lau hamarkadako lealtasuna eta herriarenganako konpromisoa saritzeko.

Protokoloak Elantxobe eta Mundakan jarraituko dau

Goizean Kankinkabara Txistu Taldearen kalejiragaz eta Madalen zortzikoagaz ekin jako egitarauari. Behin Izaroko ekitaldia amaituta, ordezkaritza Elantxobera heldu da, non Alkartasuna Dantza Taldeak ohorezko aurreskua eskaini dauen.

Arratsaldean, Mundakara bidea egingo dabe Bermeora itzuli baino lehen. Behin herrian, Betijai fanfarreak lagunduko dau Udalbatza Goiko Plazaraino. Eguna amaitzeko, aurreskuak, zabaletakoak eta San Migeleko eskaileretarainoko ohiko beherakada egingo dira.

Azkenik, gogoratu da 20:00etatik 00:00etara Puntu Segurua egongo dela zabalik Portuzarrean, edozein eraso sexisten aurrean informazinoa eta arreta eskaintzeko.