Gernika KESB taldeak babesle nagusi barria daukala iragarri dau Bilbon egindako agerraldian. Inversus enpresa murtziarragaz akordioa sinatu dau saskibaloi talde bizkaitarrak datorren denboraldirako, eta, ondorioz, taldearen izen ofiziala Inversus Gernika Bizkaia izango da aurrerantzean.
Sinadura ekitaldian egon dira Gerardo Candina Gernika KESB-ren presidentea eta Jose Joaquin Vicente Inversus Group enpresaren zuzendari nagusia. Bi agintariek barri oso garrantzitsutzat jo dabe hitzarmena, klubaren etorkizuna eta bideragarritasuna ziurtatzeko balio dau-eta.
Klubak ere harrera beroa egin dautso bazkide barriari eta sare sozialetan azaldu dauen bezala “babesletza hau akordio bat baino askoz gehiago da: anbizioa, konpromisoa eta talde-lana partekatzen dabezan bi proiekturen batasuna da. Eskerrik asko emakumezkoen kirolean konfiantza jartzeagatik.”



