Martxan da XXII. “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdia. Aurtengo egitarauak Busturialdeko sei udalerritan egingo diran hamar kontzertu batuko ditu. Horrezaz gan, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan “Urdaibaiko Soinuak” erakusketea izango da ikusgai, Gautegiz Arteagako Lope Alberdi Recalde organogile famatuari eskainia.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak hartu eban “Urdaibaiko Organoak – Joxe Mari Eguileor” jaialdiaren XXII. edizinoaren aurkezpena. Aurtengo jaialdia, garagarrilaren 11tik abuztuaren 15era bitartean egingo da, “Organoa, museo bizia” izenpean.
Aurkezpenean, ondoko honeek izan ziran: Aitziber Ansotegi Urremendiko gerentea; Joxe Benantzi Bilbao jaialdiaren koordinatzailea; eta, Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendaria.
Aurkezpenean azpimarratu zanez, Urdaibaiko Organoak kontzertu-ziklo hutsa baino askoz gehiago da. Halanda ze, Busturialdea-Urdaibaiko organo-ondarea berreskuratu, jagon eta ezagutarazoteko egitasmoa da. Hogei urte baino gehiago dabil Europako organo historikoen moltsorik berezienetako bat bizirik eusten, baita uda partean ondare hori herritarrengana hurreratzen, kultureaz eta aisialdiaz gozatzeko bestelako aukerea eskainiz be.
Guztira sei udalerrik hartuko dabe parte eta 10 izango dira geltokiak: Gernika-Lumo, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Busturiko Axpe, Arratzu eta Mundaka.
Aurtengo berrikuntza nagusia Gernika-Lumoko Santa Klara komentuko organoa izan da. Aquilino Amezua y Cía. lantegi entzutetsuak 1910ean eregi eban tresna hori lehen aldiz izan zan jaialdiaren barruan. Eusko Jaurlaritzeak komentua eskuratu eta organoa zaharbarritu ondoren, garagarrilaren 11ko inaugurazino-kontzertuan entzun zan barriro, sortu zaneko egitekoari helduz.
Urkiri Salaberriak adierazo ebanez: Santa Klarako organoa jaialdira batzeak erakundeen arteko lankidetzak gure kultura-ondarea babesteko dauen balioa erakusten dau. Organo bat zaharbarritzea ez da ondare-elementu bat erreparatzea bakarrik; barriro ahotsa emotea da, eta etorkizuneko belaunaldiei gure ondarea transmitiduten jarrai deien bermatzea.
Ondarea berreskuratzeko momentu garrantzitsua
Aurtengo edizinoa, upealako momentu baikorrean dator Busturialdeko organo-ondarearentzat. Gaur egun, Bermeoko San Frantzisko eleizako organoa, Muxikako San Bizente Martiria eleizakoa eta Arratzuko harmoniuma zaharbarritzen dabiz. Bien bitartean, jaialdiak lanean jarraitzen dau eskualdeko beste tresna historiko batzuk be berreskuratzeko eta pixkanaka kultur jardueretan jarteko.
Erakusketea Urdaibaiko soinu-ondarea ezagutzeko
Aurtengo beste barrikuntza nagusietako bat “Urdaibaiko Soinuak” erakusketea izango da. Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoagaz alkarlanean atondu da, “Organoa, museo bizia” izenpean. Halanda ze, erakusketeak Lope Alberdi Recalde (Gautegiz Arteaga, 1868–1948) organogile maisuaren ibilbidea berreskuratu dau. Haren lanari esker, Urdaibaiko organoen soinua peninsulako hainbat lekutara, Amerikara eta Filipinetara be heldu zan. Erakusketea garagarrilaren 21ean inaugurau zan, eguerdiko 12:00etan. 2027ko urtarrila arte egongo da ikusgai.
Lope Alberdiren ibilbidea ardatz hartuta, erakusketeak organoaren bilakaera tekniko eta artistikoa ezagutzeko aukerea eskaintzen dau, tresna horreek Urdaibaiko kultura-nortasunaren parte dirala nabarmenduz. Egitaraua bisita gidatuagaz eta abuztuaren 13an museoan bertan egingo dan mahai-inguruagaz osotuko da.
Bestalde, ez da izango Lope Alberdiri egingo jakon autortza bakarra; izan be, zikloaren bigarren saioan, Gautegiz Arteagan, autortza plakea jarriko jake eleizako arkupean. Halanda ze, Amagoia Lopez de Larruzea gernika-lumotarrak haren jatorri zein zuztarrei buruzko indusketa historikoa egin eban; berari esker dakigu zein izan zan Alberdiren jaiotetxea.
Aitziber Ansotegiren berbetan: Urdaibaiko Organoak jaialdiak Urremendik ondarea ulertzeko dauen modua erakusten dau. Ondarea jagotea ezinbestekoa da, baina herrien eguneroko bizitzearen parte be izan behar dau. Edizino bakotxak erakusten dau ondarea babestea herritarren eskura jartea be badala, eta kulturea, ezagutzea eta tokiko garapena sustatzeko aukerea konbertidutea.
Busturialdea-Urdaibain Alberdik eregitako organoek osotzen daben moltso bereziak benetako museo bizi konbertiduten dau eskualdea. Nortasunaz, tradizinoaz eta bikaintasun artistikoaz betetako upealako ondare da; baina, era berean, jagotea, ezagutzea eta konpromisoa eskatzen ditu, etorkizuneko belaunaldiei transmitidu eta behar bezala konserbetan dala bermatzeko.
Holan, Joxe Mari Eguileor Urdaibaiko Organoak jaialdiak musikea eta ondarea buztartzeko bokazinoa barritzen dau, sekulako esperientzia eskainiz.
Itxiera ekitaldia be sekulakoa izango da. Javier Artigas eta Benantzi Bilbaok lau eskutara organo kontzertua eskainiko dabe; Iosu Sorriketa txistulariak, Arantza Fernandez jantzariak eta Mundakako LAPSE jantza garaikide taldeak lagunduta.
Kontzertu-zikloa baino askoz gehiago
2026ko edizinoak barriz be estadu mailako zein nazinoarteko fama handiko interpreteak batuko ditu Gernika-Lumo, Mundaka, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Axpe-Busturia eta Arratzuko eleizetan. Holan, musikearen, ondarearen eta lurraldearen arteko lotura estua indartzen jarraituko dau jaialdiak.
Joxe Benantzi Bilbaok ondokoa adierazo dau horren inguruan: Busturialdeak balio handiko organo-ondarea gordeten dau, eta jaialdi hau ondare hori goi-mailako kultur proposamen konbertiduteko adibide bikaina da. Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, argi erakutsi dogu organo honeek ez dirala museoan gordetako piezak; halanda ze, bizirik dagozen musika-tresnak dira. Zaharbarritze bakotxa garaipen bat da gure ondarearentzat, eta kontzertu bakotxa aukera bat, tresna horreei barriro ahotsa emoteko eta gizarteagaz partekatzeko.
Egitaraua
Kontzertuak garagarrilaren 11tik abuztuaren 15era egingo dira. Ikusi hemen aurtengo egitaraua:
- Garagarrilak 11 (19:00) – Gernika-Lumoko Santa Klara komentua: Patxi García Garmilla (organoa eta ahotsa) eta Mikel Ansola (organoa).
- Garagarrilak 12 (20:00) – Gautegiz Arteagako Andra Mari elizea: BENANTZI BILBAO (organoa eta ahotsa).
- Garagarrilak 18 (20:00) – Mundakako Andra Mari eleiza: STEFFANO PELLINI (organoa).
- Garagarrilak 24 (20:00) – Kortezubiko Santiago Apostolua eleiza: JESÚS PÉREZ AZNÁREZ (harmoniuma) eta FRANCISCO EGIDO (tenorra).
- Garagarrilak 25 (20:00) – Gernika-Lumoko San Bartolome eleiza: GIOVANNI MARÍA PERRUCI (organoa).
- Garagarrilak 26 (20:00) – Axpe-Busturiako Andra Mari eleiza: ANA BELÉN GARCÍA (organoa).
- Garagarrilak 31 (20:00) – Gernika-Lumoko Andra Mari eleiza: WILLIBALD GUGENMOSS (organoa).
- Abuztuak 1 (20:00) – Arratzuko Santo Tomas eleiza: GIULIO GELSOMINO (organoa) eta VÍCTOR CRUZ (baritonoa).
- Abuztuak 8 (20:00) – Axpe-Busturiako Andra Mari eleiza: SUSANA GARCÍA LASTRA (organoa) eta RUTH ROSIQUE (sopranoa).
- Abuztuak 15 (20:00) – Mundakako Andra Mari eleiza: JAVIER ARTIGAS (organoa), BENANTZI BILBAO (organoa), IOSU SORRIKETA (txistua), ARANTZA FERNANDEZ (jantzea) eta LAPSE MUNDAKA (jantzea).
Horrezaz gain:
- Garagarrilak 21 (12:00) – Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa: “Urdaibaiko Soinuak: Lope Alberdi” erakusketearen inaugurazinoa.
- Abuztuak 13 (19:00) – Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa: mahai-ingurua, Patxi García Garmilla, Aitor Olea, Benantzi Bilbao eta Javier Artigas hizlariekaz.
Urdaibaiko Organoak jaialdia ondoko erakundeen babesari esker atontzen da: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa, Gernika-Lumoko Kultur Etxea, Busturialdeko udal laguntzaileak eta Urremendi Landa Garapen Alkartea.
Atontzaileek ondokoa adierazo dabe: edizino berezi honetaz gozatzera, instrumentu parebako honeen edertasunakaz hunkitzera eta Urdaibairen nortasunaren funtsezko zati dan ondarea berraurkitzera konbidaduta dagoz herritar guztiak. Izan be, organo bakotxak historia bat gordeten dau haren barruan, eta kontzertu bakotxak hura bizirik eusten laguntzen deusku.
Kontuak kontu, estadu eta nazinoarteko fama handiko sekulako artista ezagunak entzuteko aukerea izango dogu Busturialdeako Gernika-Lumo, Mundaka, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Axpe-Busturia eta Arratzuko eleizetan, garagarrilaren 11tik abuztuaren 15era. Aurtengo edizinoari buruzko informazino gehiago www.uoje.org webgunean eta jaialdiaren Facebook eta Instagram sare sozialetan konsultetako aukerea dago.



