Senegalgo Eguna ospatuko dabe Bermeon uztailaren 25ean kulturen arteko elkargunea sustatzeko

Bermeoko Ndawi Senegal Elkarteak, udaletxearen eta herriko hainbat eragileren laguntzagaz, Senegalgo Eguna antolatu dau datorren uztailaren 25erako, larunbata. Jaialdi honen helburu nagusia bi kulturen arteko lotura sendotzea, senegaldar komunitatearen zakontasuna eta ohiturak herritarrei hurbiltzea eta Teranga izeneko harrera beroa Bermeoko kaleetan zabaltzea da.

Egun osoko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da Lameran. Bertan, umeentzako jolasak eta musika giroa egongo dira ordu bata arte. Ordutegi berean, 10:00etatik 12:00etara, kirolak ere bere lekua eukiko dau Itxasgane futbol zelaian, bertan jokatuko dan futbol partiduagaz. Topaketa hau oso berezia izango da, herrian hain maitea zen “Josinas” gogoratzeko eta honi omenaldia egiteko balio izango dauelako.

Eguerdiko 14:00etan, herri bazkaria egingo da Lameran, non bertaratzen direnek Senegalgo sukaldaritza tradizionala eta bertako zukuak probatzeko aukera edukiko daben 5 euroren truke. Gastronomiak bide emango dautso arratsaldeko egitarau kulturalari, Senegalgo kultura hurbiletik ezagutzeko aukera paregabea eskainiz.

Arratsaldean, 18:00etan, Senegalgo borroka erakusketa ikusgarria egingo da Lameran. Ondoren, jaialdiagaz amaitzeko, karpan buffeta kokatuko da eta Senegalgo jantzi tradizionalen desfile koloretsua egingo da. Ekitaldi honen barruan, aipamen berezia eta sentitua egingo zaio Bitor Uriarteri, herriko gizarte mugimenduetan egindako lana eta Senegaleko komunitateagaz edukitako konpromisoa eskertzeko.