Udako lehorteari eta azken asteotako euri-eskasiari aurre egiteko, prebentzio-neurri zorrotzak eskatzea erabaki dau Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak (BBUP). Zadorrako urtegiak maila onean jarraitzen badau be (% 71tik gora), Oka ibaiak egiturazko ur-defizit historikoa dauka, eta lehorte aldiekin arriskuan jartzen dira.
Busturialdeko udalerriri eskatu zaie neurriak hartzea euren jardueretan, besteak beste, kaleak garbitzean edo lorategiak ureztatzean kontsumoak gitxitzeko. Eragindako udalerriak honako hauek dira: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Gernika-Lumo, Forua, Gautegiz Arteaga, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Mundaka, Murueta, Muxika eta Sukarrieta.
Zer dago debekatuta edo mugatuta?
Partzuergoak eskatu diautsie udalei euren eremuetan honako jarduera hauek debekatzeko:
-
Igerileku pribatuak bete edo ur hori berritzea.
-
Lorategiak eta baratzeak ureztatzea.
-
Ibilgailuak garbitzea etxebizitzetan edo gune publikoetan.
-
Patio zein plazatxoak bezalako eremu pribatuak garbitzea.
Horrez gain, herritar ororen inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratu dau BBUPk. Helburua garbia da: neurri zorrotzagoak ez hartzea eta etorkizunean etxeko uren hornidura moztu behar ez izatea.
Inbertsioak sarean eta banakako erantzukizuna
Ur Partzuergoa azken urteotan inbertsioak egiten ari da eremu hauetako egiturazko kalteberatasuna gitxitzeko. Hala nola, zundaketa berriak egiten ari dira lurpeko urak baliatzeko, ihesak konpontzen dabiltza eta hoditeriak berritzen ari dira ur-galerak gitxitzeko.
Hala ere, neurri tekniko hauek herritarren laguntzagaz osatu behar dira. Azken hamarkadan bizkaitarrok etxeko ur-kontsumoa egunean 122 litrotik 97-105 litrora jaistea lortu bada be, egoera honetan ez ohi bezalako ardura eskatzen jaku: dutxa laburrak hartzea, xaboia emotean txorrota ixtea edo etxetresna elektrikoak beteta dagozenean bakarrik erabiltzea ezinbestekoa izango da udak aurrera egin ahala.



