Terra sigillatazko ontzi zati berezi honek bi gladiadoreren arteko borroka erakusten dau, eta Urdaibaik Inperio Erromatarrean eban garrantzia agerian uzten dau.
Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoak altxor barri bat jarri dau ikusgai bere «Museoa Aztarnaz Aztarna» egitaraurako. Oraingoan, gure lurraldean oso ohikoa ez den irudikapen bat daukan zeramika zati bat aukeratu dabe: bi gladiadoreren arteko borroka-eszena aparta gorde dauan ontzi erromatar bat.
Pieza hau Foruko aztarnategi erromatarrean aurkitu zan, Urdaibairen bihotzean, eta K.o. I. eta IV. mendeen arteko merkatari-sare zein kultura materialaren erakusgarri zehatza da. Antzinako Erromak Bizkaian izandako eragina eta eguneroko bizitza hobeto ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dau.
Retiarius bat eta Thraex bat aurrez aurre
Espezialisten arabera, Dragendorff 37 tipologiako ontzi baten gorputzari dagokio zeramika hau, akabera gorrixka distiratsua daukan terra sigillata motakoa. Ontziaren metopa batetan bi borrokalari identifikatu dabez:
-
Retiariusa: Sareagaz borrokatzen zen gladiadore mota, nahiz eta denboragaz batzuek sarea erabiltzeari itzi eta hemen lantza moduko arma bat daramala dirudien.
-
Thraex-a: Traziarren eran armatutako gladiadorea, gandordun kaskoa, armarri txikia (parmula), berna-babesak eta ezpata kurbatua (sica) dakarrena.
Zeramika zati hau Foruko 3. egiturari lotutako eraikinean aurkitu zan; hasieran erabilera militarra izan ostean, artisautza-lantegi bihurtu zen gunean. Aurkikuntza honek argi izten dau Foruko aztarnategiak Inperio osoko dinamika komertzial zein kulturaletan parte hartzen ebala.
Nahi dauan guztiak aukera dauka pieza singular hau Bilboko Arkeologia Museoan bertatik bertara ikusteko, irailaren 30era arte.



