Gautegiz Arteagako Udalak argi eta garbi berba egin gura izan dau. ‘Zain Dezagun Urdaibai’ alkarteak azken egunotan kaleratutako komunikatuan “informazio faltsua” zabaldu dela-eta, Udalak egiazko datuak eta informazio zuzena herritarren eskura jartzea ezinbestekotzat jo dau, sortutako nahasmenari erantzuteko.
Alkarteak esandakoaren aurrean, hiru puntu nagusi zehaztu gura izan dauz Udalak, gertatutakoa argitzeko:
-
Lizentziak lehenago emonda zegozen: Bi igerileku eraikitzeko lizentziak ekainaren 10ean eta 11n eman zirela azaldu dau Udalak. Hau da, ur-erabilereen murrizketak indarrean sartu baino hilabete eta erdi lehenago. Zain Dezagun Urdaibaik ezagutzera emandako oharrean baimenok “duela bi egun” eman zirela esatea gezurra dela azpimarratu dabe.
-
Lege guztiak betetzen dabez: Baimendutako proiektu biak hiri-lurzoruan kokatuta dagoz. Beraz, gaur egun indarrean dagoen hirigintza-araudi osoa eta lizentzia emoteko orduan eskatzen diren lege-betekizun guz-guztiak betetzen dabez.
-
Murrizketen eta lizentzien arteko aldea: Ur-murrizketek epe zehatz batean ura erabiltzeko moduari egiten dautse erreferentzia. Horrek ez dau eragozten, oraingoz behintzat, hiri-lurzoruan hirigintza-lizentziak araudiaren arabera emotera jarraitzea.
Herriaren jakintzarako eta gardentasunerako deia
Udaletik gogorarazi dabe uneoro jakinarazten dautsezela herritarrei zer-nolako murrizketak dagozen indarrean, zeintzuk diren Udalak berak hartutako neurriak eta zeintzuk herritarrek etxean zein baserrietan hartu beharrekoak.
Horregatik guztiagatik, Udalak guztiz gaitzetsi dau baimenak legeaz kanpo edo ur-murrizketak saihestuz emon direla esatea. “Fake news” edo albiste faltsuak erabiltzen dituztenen jarrera salatu dau Udal gobernuak, horrek herritarrengan nahasmena eta ezinegona besterik ez dauelako sortzen. Bide beretik, Zain Dezagun Urdaibairi idatzitakoa publikoki zuzen dezala eskatu dautse.



