Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila buru-belarri dabil Eako Haizeder HLHI berria eraikitzeko lanekin. Hezkuntza Eraiki 2030 estrategian jaso eta Bizkaiko mailan proiektu estrategiko bat den ekimen honek 8.538.131,78 euroko inbertsioa dakar, udalerriari eta Busturialdeko eskualdeari ikastetxe moderno, irisgarri eta erabat jasangarria eskaintzeko asmoz.
Egungo instalazioak ordezkatuko dabezan ikastetxe berriak hainbat ezaugarri nagusi izango dauz.
Lanak 21 hilabeteko exekuzio-epeagaz doaz aurrera. Aurreikuspenen arabera, obrak 2027ko udaberrian amaituko dira, eta Haizeder berriak 2027-2028 ikasturtearen hasieran ateak zabaldu ahal izango ditu. Ikastetxeak Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako bana-banako lerroak izango dauz, eta bertan hartuko dira Ea, Elantxobe eta Ibarrangeluko ikasleak, eskualdeko hezkuntza publikoaren eskaintza indartuz.
Natxituako herrigunean kokatuta dago, topografiara ezin hobeto egokituta eta zurezko fatxada ikusgarri bat izango dau bereizgarri.
Ingurunean integratutako arkitektura eta jasangarritasuna
Ikastetxe berriaren diseinuak arreta berezia jarri dau natura-ingurunean eta ondare historikoan. Proiektuak erabat errespetatu dau Natxituako lurzatian dagoen pilotaleku historikoa (Rufino Basañez arkitektoak egina eta DOCOMOMOk katalogatua), bere protagonismoa babestuz eta jolaserako guneen zein eraikinaren arteko lotura indartuz.
Gainera, azpiegiturak energia-eraginkortasun handia izango dau:
-
Klimatizaziorako geotermia- eta aerotermia-sistemak erabiliko dira.
-
Energia berriztagarria sortzeko eguzki-plakak instalatuko dira.
-
Euri-urak bildu eta aprobetxatzeko sistema bat ere izango du eraikinak.
Inbertsio honek argi erakusten dau Hezkuntza Sailak Bizkaiko herri txikietako hezkuntza-sare publikoa modernizatzeko eta kalitatezko azpiegiturak bermatzeko daukan konpromisoa, ingurune osasungarriak eta egungo metodologia pedagogikoetara egokitutako espazioak sortuz.



