Arma zuriz egindako hilketa saiakera baten egilea atxilotu dabe Bermeon

Bermeoko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlanari esker, zapatu arratsaldean gizon bat atxilotu eben udalerrian bertan, hilketa saiakera delitua egotzita. Gertakariak barikuko gauean izan ziran, Herriko ostalaritza-establezimendu batean izandako liskar baten ostean.

SOS Deiak 112 zerbitzuak bariku gaueko 22:25 aldera jaso eban abisua esanez gazte batek gizon bati arma zuri batekin eraso egin eutsola Bermeoko taberna batean. Segituan bertaratu ziran udaltzainak zein ertzainak lekura.

Biktimak, 41 urteko gizonezkoak, zauri hainbat eukezan paparrean. Osasun langileek bertan artatu eta anbulantzian eroan eben Gernikako Ospitalera, berehala sendagileen eskuetan jartzeko.

Labana paperontzi baten eta ikerketa azkarra

Erasotzaileak leku berean ihes egin eban arren, poliziek ikerketa azkarra jarri eben martxan. Inguruak miatzen ebiltzala, agenteek ustez erabilitako labana aurkitu eben, erasoa gertatutako lekutik hurbil zegoen paperontzi baten barruan ezkutatuta.

Proba horregaz eta lekukoen bidez lortutako datuakaz, Gernikako Ertzain-etxeko agenteek eta Bermeoko Udaltzaingoak lankidetza zorrotza mantendu eben erantzulea identifikatu arte. Azkenean, zapatu arratsaldean atxilotu eben 33 urteko gizonezkoa, Bermeoko kaleetan bertan.

Ertzaintzak jakinarazi dauenez, atxilotua epailearen aurrean jarri dabe, beharrezko polizia-eginbide guztiak amaitu orduko.