Munduko folklorea eta euskal dantzak bat egingo dabe Bermeon Nazioarteko Folklore Jaialdian

Bermeoko Lamerak kultur aniztasunaren eta tradizioaren erakustoki nagusia izaten jarraituko dau datorren abuztuaren 8an, zapatuan. 1986tik etenik gabe antolatzen den XXXVIII. Nazioarteko Folklore Jaialdiak munduko hainbat txokotako dantza eta musika kantuak ekarriko dauz berriro herriaren bihotzera.

Emanaldia aire zabalean egingo da, Lameran bertan, 20:30ean hasita. Urtero moduan, hitzordu hau udako kultur egitarauko atal nagusienetako bat bihurtu da, herrien arteko harremanak estutuz eta bertoko zein kanpoko tradizioak balioan jarriz.

Kolonbia, Kanariak eta Alkartasuna Dantza Taldearen 50. urteurrena

Aurtengo edizioak nazioarteko zein etxeko talde garrantzitsuak bilduko dauz eszenatoki gainean:

  • Kolonbiatik: Show Dance – Cuerpos en Movimiento taldea hurbilduko da, Antioquiako La Barquereña Kultur Etxeko dantza eskolako kideak. Andeetako, Pazifikoko eta Karibeko erritmo tradizionalak uztartuko dauz ikuskizun ikusgarrian.

  • Kanaria Handitik: Agrupación Folklórica San Cristóbal taldeak hartuko dau parte bigarren urtez jarraian. 1963an sortutako talde honek sei hamarkadako ibilbidea dauka Uharteetako musika eta dantzak zainduz.

  • Etxeko anfitrioiak: Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak euskal dantza tradizionalen ordezkaritza osatuko dau. Gainera, bere 50. urteurrena ospatzen ari denez aurten, jaialdi honek esanahi oso berezia hartuko dau mende erdiko transmisio lana gogoratzeko.

Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak azpimarratu dauenez, jaialdia Bermeoren nortasun kulturalaren parte da jada, eta herritar zein bisitari guztiak gonbidatu dauz Lamerara hurbildu eta giro paregabe honetaz gozatzera.