Gernika-Lumoko Udalak prebentzio eta segurtasun protokolo berezia jarriko dau martxan jaietan, pertsona guztiek jaiez berdintasunean eta segurtasunez gozatu ahal izateko. Beste urte batez, Gune Morea informazio zein laguntza gunea zabalduko dabe eta Gautxori-Bidebusa zerbitzua indartuko dabe, gauean eskaera bidezko geldialdiak eskainiz emakume zein adingabeen itzulera segurua bermatzeko.
Neurri hauen bidez, Udalak berriro ere agerian utzi gura dau sexuan, generoan edo orientazio sexualean oinarritutako edozein indarkeria motatik libre egongo diren espazioak bultzatzeko konpromiso sendoa.
Gune Morea: prebentzioa eta arreta lehen lerroan
Gune Morea erreferentziazko tokia izango da jaiei begira. Bertan, eraso sexualak, jazarpena edo diskriminazio egoerak jasanez gero bideratu beharreko baliabideen inguruko informazioa banatuko da, udalerriko sentsibilizazio materialagaz batera (txartelak eta lanyard-ak).
Zerbitzu hau data eta leku hauetan egongo da zabalik:
-
Lurgorriko jaietan (Abuztuak 11): Santa Luzia parkean jarriko da, 22:00etatik 00:00etara bitartean.
-
Andra Mari jaietan (Abuztuak 14, 15, 16 eta 17): Merkurio Plazan egongo da erabilgarri, 22:00etatik 00:00etara.
Ziortza Bilbao Jaietako zinegotziak azpimarratu dauenez, “Jaiak gozamenerako egunak izan behar dira pertsona guztientzat. Babesa eta informazioa bermatzea ezinbestekoa da eraso matxistarik gabeko ingurunea lortzeko”. Horrez gain, gizarte osoaren inplikazioa eskatu dau edozein jarrera matxistari alkarregaz aurre egiteko.



