Azken boladan, zabor eta hondakin handien pilaketa ikusgarria hauteman da Gautegiz Arteagako zabor-ontzien inguruetan. Egoera honek kezka eragin dau, eta azpiegitura publikoak zein ingurunea zaintzeko helburuagaz, jokabide zibikoak errespetatzeko gogorapena egin dabe.
Udaletik eta garbitasun zerbitzuetatik azpimarratu dabenez, tamaina handiko objektuak (altzariak, koltxoiak edo elektrotresnak) ezin dira edozein egunetan eta edozein lekutan utzi. Ondo birziklatzea eta herria garbi mantentzea guztion arteko lana da.
Bilketa zerbitzua: hilabeteko bigarren eguazten goizean
Tamaina handiko hondakinak kudeatzeko bide zuzenena Garbigunera eroan eta bertan lagatzea da. Hala ere, herrian bertan doako bilketa zerbitzua eskaintzen da hilero, herritarrei lana errazteko asmoz.
Zerbitzu honen funtzionamendua ondo erabili ahal izateko, ordutegi eta egun zehatz honeek errespetatzea eskatzen da:
-
Bilketa eguna: Hilabeteko bigarren eguazten goizean igarotzen da bilketa kamioia.
-
Ateratzeko unea: Zabor handiak hileko bigarren astearte gauean itzi behar dira zabor-ontzien ondoan.
Arau sinple hau betetzeak herriko kaleak garbi eta ingurune osasuntsuago batez gozatzen lagunduko dau.



