Gautegiz Arteagak ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu berria jarri dau martxan herrian

Gautegiz Arteagako Udalak beste urrats bat eman dau udalerri jasangarriago bat eraikitzeko bidean: ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntu berria erabilgarri dago jada herrian. Proiektu honegaz, udal taldeak agintaldiko beste konpromiso nagusi bat betetzea lortu dau, mugikortasun elektrikoa eta ingurumenaren zaintza sustatzeko asmoz.

Azpiegitura berri honi esker, herritarrek zein Busturialdetik igarotzen diren bisitariek beren auto elektrikoak modu erraz eta azkarrean kargatzeko aukera izango dabe herrigunean bertan.

Udalerri berdeago baten aldeko pausoa

Udaletik azpimarratu dabenez, karga-puntu berria martxan jartzea ez da bakarrik zerbitzu publiko bat gehitzea; ingurumena errespetatzen daben garraiobideen aldeko apustu estrategikoa baizik. Bestalde, kargagailu honek Gautegiz Arteaga Busturialdeko mugikortasun jasangarriaren sarean finkatzen dau.

Instalazio berri hau erabilgarri dago dagoeneko, eta zerbitzuaren funtzionamenduari zein tarifari buruzko xehetasun guztiak udal bide ofizialetan kontsultatu ahal dira.