Gernika-Lumoko Kultur Etxeak ikastaro barrietarako izen-emotea zabaldu dau

Datorren 2026-2027 ikasturterako prest dago dagoeneko Kultur Etxeko ikastaroen eskaintza zabala. Urritik ekainera bitartean, adin guztietako gernikarrek hezkuntza artistikoaz eta herriko historiaz gozatzeko aukera bikaina izango dabe, beti be sormena eta parte-hartzea bultzatuz. Izen-emotea uztailaren 1etik zabalik dago eta erroldatuek lehentasuna edukiko dabe.

Aurtengo nobedade nagusia “Cuéntame esta imagen” izeneko doako lantegia izango da, Aldabak dinamizatuta. Asteartero, 17:30etik 18:30era, Gernika-Lumoko ondarea eta historia ezagutuko dira irudien bidez. Honez gain, aniztasun funtzionala daukaten pertsonei bideratutako sormen artistikoko ikastaro berria be antolatu da.

Ziortza Bilbao Kultura eta Euskera zinegotziak azaldu dauenez, «Kultur Etxea ikasteko gunea baino askoz gehiago da: adin ezberdinetako herritarrak elkartzeko eta sormena garatzeko lekua da». Horregaz batera, urteroko eskaintza arrakastatsuek jarraituko dabe: Arteskolako margo eta marrazketa (ume eta helduentzat), zurezko taila, bitxigintza eta arte dekoratiboak. Matrikula hiru hilean behin ordainduko da (41,44 € eta 127,55 € artean, langabe eta pentsiodunentzako beherapenekin).

Alkoholiko Anonimoen hitzaldia Elai Alai aretoan

Bestalde, osasunari eta gizarte-ongizateari lotuta, Gernika-Lumoko Alkoholiko Anonimoen Busturialdea taldeak hitzaldia antolatu dau irailaren 12rako, arratsaldeko 17:30ean, Elai Alai aretoan.

Saio honetan Javier Ogando psikiatrak eta Felipe Díez familiako medikuak hartuko dabe parte, Al-Anon taldeko kideekin (gaixotasun hau daukatenen senideak) eta euren lekukotasuna emongo daben bi pertsonagaz batera. Informazio gehiago jasotzeko edo harremanetan jartzeko, 690 27 43 74 telefono zenbakia (Juan Cruz) jarri dabe herritarren eskura.