Bihar abiatuko dira Andra Mari eta San Roke jai nagusiak Gernika-Lumon (abuztuaren 14tik 18ra). Jaietan murgiltzeko eta gauetan autoa etxean uzteko aukera hoberena eukitzeko, garraio publikoko zerbitzu bereziak eta prebentzio-neurri sendoak antolatu dira herrian.
Mugikortasuna errazteko eta segurtasuna handitzeko, gaueko Gautxori-Bidebusa autobus zerbitzu bereziak udalerriko auzo zein puntu nagusiak lotuko dauz orduro, 22:00etatik 06:00etara bitartean.
Autobusaren ibilbidean barne hartuko dira, besteak beste, autobus geltokia, ospitala, Lorategieta, Renteria, Los Tillos, Villa Argentina, Seber Altube, Allende Salazar, kanposantua, Iturriondo, Mestikabaso, Araba eta Lurgorri.
Zerbitzu honen berritasun nagusietako bat eskaera bidezko geldialdien sistema da. Honi esker, bakarrik bidaiatzen daben emakumeei aukera emango jake gidariari geldialdia beren helmugatatik ahalik eta hurbilen egiteko eskatzeko, betiere ezarritako ibilbidearen barruan eta bide-segurtasuna bermatzen den lekuetan.
Euskotrenen zerbitzu bereziak
-
Abuztuaren 14tik 15erako eta 15etik 16rako gauetan: Tren bereziak ibiliko dira Amorebieta eta Bermeo arteko tarte osoan.
-
Abuztuaren 16tik 17rako gauean: Zerbitzu berezia Gernika eta Bermeo artean bideratuko da bi noranzkoetan.
Ordutegiak aldez aurretik egiaztatzea gomendatzen da Euskotrenen APP ofizialean, www.euskotren.eus webgunean edo 944 333 333 telefono zenbakira deituz.



