Bermeoko Tonpoi-tala Bizirik auzo elkarteak eta Udalak egitarau zabala eta parte-hartzailea prestatu dabe aurten ere San Roke jaiak ospatzeko Talan. Abuztuaren 15ean eta 16an, adin guztietako herritarrentzako ekintzak egongo dira: kirola, haurrentzako tailerrak, herri-bazkaria eta musika emanaldi indartsuak.
Abuztuaren 15ean, San Roke bezperan, goizetik hasiko da mugimendua 11:00etako txirrindu lasterketagaz (8tik 16 urtera bitarteko gazteentzat). Ondoren, txikienek talo tailerra, jokoak eta eskulanak eukiko dabez.
Arratsaldeko 17:00etan jaien une hunkigarriena iritsiko da: pregoia eta auzoan hildako gazteei egingo jaken omenaldia. Segidan, txupinazoak eta dantzaldiak hasiera ofiziala emango dautsie festei. Arratsaldean zehar, mus txapelketa, apar festa, txokolate-jatea eta karaokea egongo dira. Eguna amaitzeko, 21:30etik aurrera Oihan Vega eta Tximino taldearen kontzertuek goizaldera arte luzatuko dabe jaia.
Abuztuaren 16an, San Roke egunean, puzgarriak, Kankinkabara txistu taldea, bingoa eta Kanta Kanta Lorueren zein Arrekatxutxa Trikitixaren kalejirak izango dira protagonista nagusiak goizean zehar. Bazkalorduan, marmitakoa eta bokatak egongo dira salgai, eta jantokia jarriko da Talako paseoan, 14:00etatik aurrera mariatxien musikaz girotuta.
Arratsaldean jaiak ez dau etenik izango: otzararen zozketa, briska txapelketa, ileapaindegi tailerra eta dantzaldia antolatu dabez auzoa azken ordura arte bizirik mantentzeko.



