Dagoeneko Bermeoko Udalak Andra Mari eta Santa Eufemia jaien egitarau zabala aurkeztu dau. Irailaren 7tik 16ra bitartean, herriak nortasunez, musikaz eta tradizioz betetako hamar egun bizi izango dauz. Aurtengo berri nagusietako bat pregoilariaren izendapena izan da: Garoa Martinez Anasagasti halterofilia txapeldunak piztuko dau jaiei hasiera emango deutsien txupinazoa udaletxeko balkoitik, herritarren botoen %46a (464 boto) eskuratu ostean.
Guztira, 1.007 boto jaso dira antolatutako partaidetza prozesuan. Bigarren postuan Bermeoko Erraldoien Konpartsa geratu da (300 boto, %30) eta hirugarrenean Alkartasuna Dantza Taldea (243 boto, %24).
Jai inklusiboak, Salome Campos eta Sukalki Egunaren itzulera
Aurtengo jaietako beste mugarri nagusietako bat irisgarritasuna sendotzea izango da. Lamerako kontzertu gunean mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma berezia jarriko dabe barritasun modura. Horrez gain, txupinazoan zeinu-hizkuntzako itzultzailea egongo da, eta barraka isilak zein prezio herrikoiak mantenduko dira irailaren 4an eta 14an.
Bestalde, herritarrek faltan bota dabezan bi hitzordu nagusi bueltatuko dira egitaraura:
-
Salome Campos Itsas Zeharkaldia: Irailaren 5ean ospatuko da, jaien bezperan.
-
Sukalki Eguna: Irailaren 12an bueltatuko da Talan, Eleizalde Ikastolaren eskutik.
Giroa berotzeko, irailaren 7an Almikako jaitsiera koloretsua egingo da 18:00etan, eta ostean txupinazoak eztanda egingo dau Goiko Plazan 20:00etan. Gau horretan bertan, ETS (En Tol Sarmiento) taldeak kontzertu jendetsua eskainiko dau Lameran.
Musika eskaintza indartsua eta segurtasuna gauean
Hamar egunetan zehar ez da musikarik faltako herrian. Lamerako zein txosnaguneko agertokietatik igaroko dira, besteak beste, Cherry and The Ladies, Mariachi Imperial, Oxabi, Merina Gris, Niña Dioz eta Akerbeltz.
Prebentzioa eta garraio segurua bermatzeko, Bermibus Gautxoria eta Puntu Morea zerbitzuak martxan egongo dira irailaren 7, 9, 11 eta 12an, 00:00etatik 05:00etara bitartean. Gautxoriak ordu erdiro egingo dau ibilbidea herriko auzoetan zehar eta eskaera bidezko geldialdiak eskainiko dauz.
Jaietako liburuxka ofiziala irailaren 1etik aurrera egongo da salgai euro baten truke Gizarte eta Kultura Etxean zein Turismo Bulegoan.



